Abuztuko jardueretako euskararen erabilera maila neurtzeko boluntarioak behar ditu Bagera Euskaltzaleen Elkarteak
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak Donostiako Aste Nagusiko jardueretako euskara maila neurtu du azken 26 urteetan, eta aurten Aste Nagusia bere horretan egingo ez bada ere, gauza bera egingo du abuztuan zehar antolatu diren jarduerekin. Jarduera guztietara iritsi ahal izateko, herritarren parte hartzea behar dute, boluntario bila dabiltza. Parte hartu nahi dutenek jardueren egitaraua begiratu beharko dute, neurtu nahi dutena aukeratu eta elkartearekin harremanetan jarri, bagera@bagera.eus helbidean edo telefonoz (943-00 50 74/688-67 62 89).
Aukeraketa errazteko helburuarekin, egitaraua egunez egun, auzoz auzo eta jardueraren arabera banatu dute Bagerakoek. Behin jarduerak antolatuta, boluntarioek behaketa fitxa bete beharko dute, eta ondoren elkarteari helarazi (bagera@bagera.eus helbidera bidalita, 688-67 62 89 telefono zenbakira Whatsapp bidez bidalita edo posta bidez, Bagera Elkartea, Hernani kalea 15, behea. 20004 Donostia helbidera bidalita).
Parte-hartzaileek ez dute zertan jarduerak irauten duen denbora guztian zehar egon behar, jardueraren aurkezpenean eta dinamizatzaileek hitz egiten dutenean egingo baitute neurketa. Lehiaketen kasuan, antolatzaileek lehiaketan zehar eta sari banaketan erabiltzen duten hizkuntza neurtuko dute.
Neurketa horiekin, euskararen erabileraren txostena osatzen du urtero Bagera Euskaltzaleen Elkarteak. Iazko Aste Nagusiko txostenean, esaterako, honakoak izan ziren emaitzak: jarduera guztiak kontuan hartuta, %46,79 gaztelaniaz izan ziren, %37,61 euskaraz , %8,26 elebitan eta %7,34 beste hizkuntza batean. Haurrentzako jardueretan, aldiz, %94,12 euskaraz izan ziren eta %16,67 gaztelaniaz.