Gipuzkoa Basketek ACB ligan jokatuko du datorren denboraldian
Bartzelonako auzitegi batek ACB liga Gipuzkoa Basket onartzera behartu zuen, eta ligak adierazpen baten bitartez talde donostiarra onartuko duela esan du.
ACB ligak uztailaren 30ean erabaki zuen 18 taldeko liga izango zela 2020/2021 denboraldia, jaitsierarik eta igoerarik gabe. Hala, Estudiantesek eta Fuenlabradak, ACB ligako azken sailkatuek, jaitsiera ekidin zuten, eta urrezko LEB ligako lehen bi sailkatuek, Valladolidek eta Gipuzkoa Basketek, ez zuten igoera lortu. Hala eta guztiz ere, Bartzelonako auzitegi batek Gipuzkoa Basketen alde egin du, eta ACB liga talde donostiarra gonbidatzera behartu du. Valladolidek ez du igotzea eskatu, bigarren mailan taldea sendotu nahi baitute lehen mailara igo aurretik.
ACB ligak helegiterik aurkezten ez badu, 2020/2021 denboraldian 19 talde izango dira lehen mailan.