AENOR-en ziurtagiria lortu du Dbusek, koronabirusaren aurrean egindako kudeaketarengatik
AENOR enpresa ziurtagiri emaileak COVID-19aren aurkako protokoloak betetzen diren konprobatzeko sortutako ziurtagiria jaso du Dbus Donostiako autobus konpainiak, koronabirusaren aurka egindako kudeaketarengatik. Pandemiaren aurrean, Dbusek protokolo berriak garatu ditu eta hainbat prebentzio neurri ezarri ditu konpainiako langileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta horiek bete izanari esker eskuratu du ziurtagiria. Ostegun goizean jaso dute udaleko eta Dbuseko arduradunek ziurtagiria, eta konpainiaren flotako ibilgailu guztietan dago ikusgai dagoeneko.
Dbusek hartutako neurriak Espaniako Osasun Ministerioak COVID-19ren aurkako prebentzioaren eta higienearen arloan ezarritako jarraibideetan dute oinarria, eta hauek dira, besteak beste: Ibilgailuen flota eta instalazio guztiak egunero garbitzea eta desinfektatzea, ibilgailu guztietan babes-holtzak jartzea gidariaren postuan, langileei eta erabiltzaileei prebentzio neurriei eta prozedura berriei buruzko informazioa ematea, espazio komunak mugatzea, autobusetan eta konpainiaren instalazio guztietan osasun segurtasuneko neurriak ezartzea eta hornitzaileei babes eta segurtasun neurriak betetzeko eskatzea. Udalak nabarmendu du AENOR enpresaren ziurtagiria neurri horien guztien kanpo bermea dela.
AENOR-ek Dbusi ematen dion bigarren ziurtagiria da hau, aurretik AENOR-en kalitate ziurtagiria eskuratu baitzuen, bidaiarien garraio publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera.