Espainiako monarkiarekin bukatzeko eskatu du jende andanak Donostian
Mugimendu errepublikanoak deituta, manifestazioa egin zuten atzo hamarnaka herritarrek Donostian, Espainiako monarkiaren aurka. ELA eta LAB sindikatuek eta EH Bildu, Ezker Anitza eta Ahal Dugu indar politikoek bat egin zuten deialdiarekin, eta Espainiako monarkiaren aurkako eta Euskal Errepublikaren aldeko aldarriak izan ziren nagusi manifestazioan. Donostian ez ezik, Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetan ere egin zituzten monarkiaren aurkako mobilizazioak.
Aste honetan jakin da Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituak alde egin duela, Espainiatik kanpo bizitzeko –hainbat hedabideren arabera, Dominikar Errepublikara joan da–. Espainiako eta Suitzako fiskaltza hainbat ustelkeria kasurengatik hura ikertzen ari direnean joan da Juan Carlos Borboikoa, eta “justiziari ihes” egin diola deritzote manifestazioarekin bat egin zuten indar politikoek. Hain justu, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak adierazpen bateratu bat erregistratu dute udalean, eskatuz monarkiari buruzko erreferentzia guztiak Donostiatik kentzeko eta udala, erakunde gisa, Espainiako errege emeritua Espainian bertan ikertua izatearen alde agertzeko.