Kutxa Kultur Gauen egitarauaren barruan abiatuko dute aurtengo Musikeler egitasmoa
Gaur, hilak 6, hasiko da aurtengo Musika Hamabostaldiko Musikeler egitasmoa, eta hiru kontzertuk osatuko dute egitaraua, Tabakalerako Kutxa Kultur Gauak programaren barruan. Abuztuaren 6an, 13an eta 20an izango dira kontzertuak, 20:30ean Tabakalerako terrazan; sarrerak Musika Hamabostaldiaren webgunean eskuratu daitezke. Joko duten hiru taldeak Donostiako Musikene goi mailako musika eskolan hezitakoak dira.
Oreka Reed Quintet boskoteak joko du gaur, eta Arriagaren, Piazzolaren y Mozarten obrak joko dituzte. Galiziako, Euskal Herriko, Kataluniako eta Gaztela eta Leongo musikariak ditu taldeak, eta hauek dira: Nicolas Cabaleiro (oboea), Aitor Aburto (klarinetea), Raul Perez (saxofoia), Eduardo Villarroel (klarinete baxua) eta Ignasi Candelas (fagota).
Juan Laboreria eta Javier Gonzalez Sarmiento musikari donostiarrak arituko dira hilaren 13an, Kantua izenburua jarri dioten errepertorio aberats bat jotzeko: opera, zarzuela, euskal musika eta musika frantsesa.
2020ko Musikeler egitaraua ixteko, Zilarra Quintet taldea arituko da hilaren 20an, eta Astor Piazzolla konpositorearen piezak joko dituzte nagusiki. Taldea Ana Garciak (kontrabaxua) Maitane Arretxek (akordeoia), Iker Bilbaok (bibolina), Jose Beldak (gitarra) eta Lucia Arzallusek (pianoa) osatzen dute.
2015etik abian
Musika Hamabostaldiak 2015. urtean abiatu zuen Musikeler egitasmoa, Musikenereki eta Keler garagardoarekin lankidetzan, musika klasikoa eta Musika Hamabostaldia ikusle gazteei hurbiltzeko helburuarekin.