Monarkiari buruzko erreferentzia guztiak hiritik kentzeko eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak
Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emeritu eta estatuburu ohiari eragingo lioketen ustezko ustelkeria eta komisioen kobrantza kasuak direla eta, monarkiari buruzko erreferentzia guztiak hiritik kentzeko adierazpen bateratua erregistratu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak udalean. Hurrengo Bozeramaileen Batzordeak eztabaidatzeko eta bozkatzeko aurkeztu dute adierazpena.
Erreferentziak kentzeaz gain, Juan Carlos Borboikoari “Errege” titulua eta “Maiestate” tratamendua kentzeko eskatu dute, baita Donostiako Udala Espainiako errege emeritua Espainian bertan ikertua izatearen alde agertzeko ere. Era berean, Errege Etxearen irudia garbitzeko eta monarkia babesten saiatzeko operazioa errefusatzeko eskatu dute, monarkia “frankismoaren oinordekoa, antidemokratikoa eta matxista” delako. Udalak balio errepublikanoak defendatzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartzeko ere eskatu dute, eta adierazpena onartua izanez gero, Espainiako Gobernuko presidenteari eta Diputatuen Kongresuko eta Senatuko presidenteei helarazteko eskaera egin dute.