Udalaren 2021eko Ordenantza Fiskalen proposamenari emendakinak aurkeztu dizkio EH Bilduk
Zigor Etxeburua EH Bilduko zinegotziak 17 arau-proposamen eta 5 zuzenketa aurkeztu dizkio Donostiako Udalak egindako 2021eko Ordenantza Fiskalen proposamenari. Proposamen hauek “helburu sozial eta ekologiko garbia” dutela adierazi du Etxeburuak, eta pandemiak gehien eragin dien pertsonei laguntzeko asmoa dutela gehitu du.
Pandemiak iraun duen bitartean ekonomikoki kaltetuak izan diren pertsonak eta 2019ko errenta erabilgarria 30.097 euro baino txikiagoa izan duten pertsonei udal-zerbitzu guztietako tasak %25 jaistea proposatu du EH Bilduko udal taldeak. Udal-tasen hobari hauek maiatzaren 12ko 3/2020 Foru Dekretu Arauan oinarritzen direla azpimarratu du Etxeburuak; arau honek onartzen du tokiko erakundeek Covid-19 pandemiak kaltetutako taldeei laguntzeko hobariak aurrera ateratzea.
Bestalde, pandemian zehar etekinak %10 edo gehiago handitu dituzten enpresa handiei udal-tasak %5 handitzea proposatu du EH Bilduk. “Covid tasa” bezala izendatu duten neurri hau bi urtez egongo litzateke indarrean.
Etxebizitzarekiko, alokairu sozialean bizi diren eta urteko errenta 25.500 baino txikiagoa duten pertsonei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) %100ean barkatzea proposatu du EH Bilduk, eta Gizarte Laguntzak jasotzen dituzten errenta zaharren kasuan hobaria %90ekoa izango litzateke. Bestalde, etxebizitza hutsen OHZ %50etik %100era igotzea eskatu dute.
Puntu nagusi hauez gain, EH Bilduk bestelako neurri batzuk hartzea eskatu du, euskararen, kulturaren ala ekologiaren ingurukoak besteak beste:
-
Turismo-erabilerak: EH Bilduk proposatu du establezimenduen eta lokalen irekiera- eta kontrol-zerbitzuak emateagatiko tasa %5 handitzea 500 m2-tik gorako establezimenduei, eta kopuru honetatik abiatuta, gainerako establezimenduen kuotak proportzionalki ezarriko dira.
-
Tokiko ekoizleak: Bretxako merkatuko postuei % 50eko tarifa murriztua aplikatzea proposatu dugu, tokiko ekoizleei Covid-19k eragindako kalteak arintzen laguntzeko.
-
Birziklatzea: organikoa birziklatzen duenari eta konpostajea egiten dutenei hobariak 4,2 puntu handitzea proposatzen dugu. Izan ere, EBk adierazi du 2023rako nahitaezkoa izango dela organiko guztia bereizita birziklatzea. Tasa orokorrari dagokionez, EH Bilduk % 1,2 soilik igotzea proposatu du, eta ez % 3, Udal Gobernuak proposatu bezala. Eneko Goiaren Gobernuak asko garestitu zuen zerbitzu hori bere lehenengo agintaldian (+ % 24), eta bigarren honetan ildo beretik jarraitzen du. Igoera hauek Zubietako erraustegia nantzatzea dute helburu.
-
Kultura: tokiko sortzaileei laguntzeko, EAEn edo Nafarroan egoitza skala duten erakunde guztiak udal lurretan ikus-entzunezko lanak grabatzeagatik kuotak ordaintzetik salbuestea proposatzen dugu.
-
Euskara: Batetik, proposatu dugu udal jabaria baliatzean, eskatzaileak zehaztuko duen jarduerarako baimena eskatzeaz gain, hainbat jardueren kasuan, Euskara Zerbitzuaren aldeko txostena behar izatea dantza berreskuratzeko. Bestetik, proposatu dugu % 20ko tarifa murrizketa eskaintzea merkataritza establezimenduei, baldin eta beraien produktuak zoru publikoan erakusten dituzten euskarriek euskarari lehentasuna ematen badiete.
-
Ura eta saneamendua: % 1,2 igotzea proposatzen dugu, KPIarekin bat etorriz, eta ez Udal Gobernuak proposatzen duen % 3.
- TAO: egoiliarrentzat % 1,2ko igoera bakarrik aplikatzea proposatzen dugu, eta aparkatzeko beste kuotetan % 10eko igoera aplikatzea.
Bestalde, EH Bilduk uste du krisi garaian baliabide ekonomikoak eskuratzeko modu alternatiboak bilatu behar direla, eta ondorengo lau neurri aurkeztu ditu:
-
Udal-lurretako obretan lurrak ateratzeagatik kobratzen hastea (15 €/ m 3), adibidez, metroaren pasabidean.
-
Oso kutsagarriak diren terrazetako erregai bidezko berogailuak erabiltzen diren kasuetan, espazio publikoa okupatzearen tasa % 15 garestitzea.
-
Orain arte tasarik ordaintzen ez zuten “Food truck” delakoei kobratzen hastea (19,6 € ibilgailu eta eguneko). Hori bai, % 90eko tarifa murriztua izango dute Euskal Herrian ekoitzitako produktuak (“O km”) salduz gero
-
Lurzoru publikoa autoak saltzeko asmoz erakusteko okupatzea (25 € /m2).