Zergen banaketa "bidezkoagoa eta orekatuagoa" izateko emendakinak aurkeztu ditu Elkarrekin Donostiak
Aitzole Araneta Elkarrekin Donostia taldeko bozeramaileak udal gobernuak egindako Ordenantza Fiskalen proposamenaren gaineko emendakinak aurkeztu ditu gaur goizean. Emendakin hauen helburu nagusia zergen banaketa “modu justuago eta orekatuago” batean egitea dela adierazi du Aranetak. Koalizioak udalaren promosamen honetan aldaketak daudela onartu du, baina nahikoa ez direla gehitu du.
Besteak beste, Elkarrekin Donostiak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) %150era igotzea eskatu du hutsik dauden etxeen kasuetan: “Igoera aplikatuz gero, 240 mila euro gehiago inguru bilduko lirateke, eta milioi bat gehiago ere izan litezke, errealitatera hobeto egokitzen den parke bat izanez gero”, adierazi dute.
Bestalde, milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresei Ekonomia Jardueren gaineko Zerga (EJZ) %3ra igotzea proposatu dute, udal gobernuak %0an mantentzea proposatu duen bitartean.
Udal gobernuak proposatzen duen Saneamendu eta Zabor Tasaren %3ko igoeraren aurrean, Elkarrekin Podemosek tasa hori izoztea eskatuko du: “Tasen igoera horiek berdin eragiten diete familiei, diru-sarreren maila edozein dela ere”, arrazoitu dute.