Donostiako Udala Guardetxea "dibisa politiko" gisa erabiltzen ari dela salatu du BandaBat elkarteak
BandaBat elkarteak Guardetxea eraikinarekiko Donostiako Udalak duen jarrera salatu du ohar baten bitartez. Gogorarazi dute 2009tik 2019ra haiek kudeatu dutela eraikina auzoari “kultura alternatibo ez-merkantilizatua” eskaintzeko, eta irailetik hona hutsik egon dela udalaren obra batzuk direla eta.
Kultura elkarteak eraikina utzi eta hustu zuenetik udalak hainbat trikimailu erabili dituela salatu dute, espazioa beste eragile batzuei eskainiz “dibisa politiko” gisa erabili dutela uste baitute. Bestalde, eraikinaren konponketa batzuk egiteko udalak aurrekontu bat gorde zuela adierazi dute, baina gehitu dute konponketa horiek ez direla burutu.
Azkenik, udalaren Gazteria sailarekin komunikazioa oso zaila izaten ari dela esan dute, elkarteko kideak haiekin telefono edo posta elektroniko bidez komunikatzen saiatu diren aldietan mezuak eta deiak ekidin dituztela argudiatuz.
Eraikina erabili gabe egon diren denbora honek arazo ekonomikoak eragin dizkietela ere esan dute, haien finantziazio iturri nagusi diren ekitaldi eta jardunaldi kulturalak ezin izan dituztelako egin.