Kontxa eta Ondarreta hondartzetan bainatzea debekatu dute arratsaldean ustezko marrazo batengatik, baina bainua baimendu dute dagoeneko
Begirada guztiak Kontxako badian izan dira astelehen arratsaldean, Kontxa eta Ondarreta hondartzetan bainatzea debekatu baitute denbora tarte batez, ustez marrazo bat zebilelako badian. Udalaren arabera, Ondarretako sorosleei marrazo bat ikustea iruditu zaie 17:15ak aldera, eta abisua pasa diote Udaltzaingoari; une horretan, bainua debekatu dute badian. Espainiako Guardia Zibilaren patruila bat zebilen Kontxako uretan arratsaldean, eta udaltzainak patruila horrekin harremanetan jarri dira, marrazoa bilatu zezaten. Ordu erdiz ikuskatu dute badia, baina ez dute marrazorik aurkitu, beraz, bainua baimendu dute berriz ere.