Denboraldi-aurreari ekin diote Ibaeta Basketeko jokalariek
Hainbat aurpegi berrirekin ekin diote denboraldi-aurreari Ibaeta Basketeko jokalariek. Aste honetako astelehenean hasi dira entrenatzen Azu Muguruzaren jokalariak, eta egin dituzten fitxaketekin “pozik” dagoela adierazi du: “Postu guztiak orekatu ditugu, eta jokalari moldakorrak bilatu ditugu modu ezberdinetan jokatu ahal izateko”.
Bestalde, jokalari askoren kontratuak berritu dituztenez jokalari berriak taldearen jokora azkar egokituko direla uste du Muguruzak. Nahiz eta entrenamenduetara itzuli, Muguruzak esan du ziurgabetasuna nagusi dela.
Oraindik ez dira jokalari guztiak entrenamenduetara itzuli, baina laister talde guztia elkarrekin egongo dela adierazi du Muguruzak, eta denboraldia jada planifikatuta dutela gehitu du. Denboraldi zaila izango dela uste du Ibaeta Basketen entrenatzaileak, goiko taldeak geroz eta indartsuagoak baitira. Datorren denboraldiaren helburua ligaren final-laurdenetara iristea da, lehen zortziren artean geratzea, alegia.