Euskal presoen etxeratzearen aldeko giza katea egingo dute ostiralean
Sarek sortutako Izan Bidea udako dinamikaren baitan, euskal presoen etxeratzearen aldeko giza katea egingo dute ostiralean, hilaren 14an, Haizearen Orrazitik Saguesko Bakearen Usora. Hiriko hainbat eragilek egitasmoarekin bat egin dute, hala nola, Donostiako Piratek eta auzo askotako elkarteek eta jai batzordeek. Giza katea 17:30ean hasiko dute, Etxean nahi ditugu! lelopean.
Izan Bidea dinamika uztailaren hasieran aurkeztu zuen Sarek, Donostian hogei preso politiko izaten jarraitzen dutela salatuz. Uztailaren 23an, 24an eta 25ean Euskal Herria zeharkatu zuen hiru etapako txirrinda-itzulia egin zuten, eta azken etapa Donostian izan zen; Martuteneko kartzelatik Erdialdera. Ostiraleko giza kateak amaiera emango dio Izan Bidea udako dinamikari.