Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak sektoreko murrizketa neurrien aurkako helegitea aurkeztu du
Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, Bizkaikoarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko gaueko ostalaritzarekin bat egin du, eta Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 28ko aginduaren aurkako helegitea aurkeztu dute gaur, hilaren 11n, EAEko Auzitegi Nagusian bi lurraldeetako ostalaritza elkarteek. Agindu horren bitartez, ostalaritza establezimendu guztien itxiera 1:30era aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta murrizketa horrek gaueko aisialdiaren sektorean “eragin ikaragarria” izan duela nabarmendu dute Gipuzkoako eta Bizkaiko Ostalaritza Elkarteek. Hain zuzen, diskoteka “ia guztiek” uztailaren 29az geroztik ateak itxita dituztela azaldu dute, baita pub establezimenduen jarduera %75 jaitsi dela ere. “Itxiera ordutegia aurreratzeak arriskuan jartzen du EAEko gaueko aisialdiko 800 establezimendu baino gehiagoren bideragarritasun ekonomikoa (pub establezimenduak, diskotekak, kafe antzokiak, eta abar), 4.000 pertsona inguruk lan egiten baitute horietan”, gaineratu dute.
Horretaz gain, ostalaritza elkarteek salatu dute erakundeek ez dutela ezarri ordutegi murrizketaren kalteak arintzeko diru-laguntzarik, eta azpimarratu dute zientziak ez duela frogatu ostalaritza jarduerarako ezarritako itxiera orduek eragin handiagoa dutenik COVID-19aren kutsatzeei dagokionez, beste ordu tarte batzuekin alderatuta, ezta ostalaritzaren sektorean beste sektoreetan baino arrisku handiagoa dagoenik ere. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren aginduak diskoteken jarduera “desnaturalizatzen” duela salatu dute: “Establezimendu horien eskaintza nagusiaren ezaugarri diren dantzarako pistak kentzen ditu aginduak, eta herritarren gaueko jolas jarduerarako irteera mailakatua eta bide ‘kontrolatua’ ahalbidetzeko beharra planteatzen du; izan ere, gaueko aisirako eskaintza ‘profesional eta konfiantzazko’ bat ez izanez gero, gaueko aisialdirako proposamen alternatiboak egiten ditu”. Era berean, ostalaritza establezimenduetako segurtasuna areagotzeko neurri alternatiboak proposatu dituzte ostalaritza elkarteek. Bestalde, adierazi dute Kantabriako, Zaragozako eta Bartzelonako ostalaritza elkarteek antzeko helegiteak jarri dituztela, eta kautelazko neurriak hartzeko eskatu dute, eta uztailaren 28ko agindua bertan behera uzteko, epaia atera arte establezimenduak 1:30ak baino beranduago itxi ahal izateko