'Les Introuvables' diska aurkeztu du Josu Okiñenak
Franz Liszt konpositore austriarraren ezkutuko lanak erreskatatu ditu Josu Okiñena musikari eta ikerlari donostiarrak. Okiñenak adierazi duenez, Londresen ikasten egon zen garaian zuen irakasle batek Franz Liszten alde ezezaguna aurkitzen lagundu zion: “Liszti buruz hitz egiten dugunean ezagutzen dugula uste dugu, baina jende gutxik daki bere alde ezezagunaz”, adierazi du Okiñenak.
Liszten alde ezkutua ezagutu ostean hiru urte iraun duen ikerketa prozesu batekin hasi zen Okiñena, Budapesteko Franz Liszt Museoaren laguntzari esker. Bertan Liszten eskuizkribuak irakurtzen hasi zen, eta ohartu zen bere bizitzaren amaieran musika esperimentalagoa eta koloretsuagoa egin zuela, baita pianoaz gain bestelako instrumentu batzuentzat musika konposatu zuela ere, organoa adibidez: “Beste instrumentu batzuentzat konposatu zuela ohartu nintzen, eta Berako organistari eskatu nion jotzeko, eta deskubrimendu ikaragarria izan zen”, adierazi du.
1886an hil zen Franz Liszt Bayreuthen (Alemania), baina bere ezkutuko obrak XX. mendeko musikaren antza zuela adierazi du Okiñenak: “Oso musika berritzailea eta esperimentala egin zuen Lisztek. Oso musika mistikoa da, eta isiltasunak garrantzia handia hartzen du. XX. mendeko autore inpresionista bat entzuten ari nintzela uste nuen”.
Diskoaren garapena Sony Classical-i eta Budapesteko Franz Liszt Museoaren laguntzarekin egin du Okiñenak.
Abestien aurrerapenak: