"San Sebastian Egunera arte gehiago ez jotzea sinatuko nuke, baldin eta egun horretan jotzeko aukera badugu"
Joselontxos txaranga Donostiako jaietan gehien jotzen duen txarangetako bat da, baina aurten bi emanaldi baino ezin izango dituzte egin, biak Abuztua Donostian egitarauaren baitan. Eneko Gomez Auzmendik, txarangako tronboi-jotzaileak, uda berezi hau nola bizitzen ari diren azaldu digu.
Nola ari zarete bizitzen uda berezi hau?
Guretzat ez da uda bat bere horretan izaten ari, ez dugulako emanaldirik izan. Orain, justu, udalak antolatutako Abuztua Donostian egitarauan bi egunetan joko dugu. Karroza moduko baten gainean joko dugu, beraz, ez da gure ohiko formatua, baina behintzat jotzeko ditugun gogoak asetzeko balioko digu.
Aipatu dituzun bi emanaldiez gain, ez duzue beste inon jotzeko aukerarik izan?
Ez, bat ere ez. Ez dakit noiz jo genuen azken aldiz, inauterietan izango zen, konfinamenduaren aurretik. Bertan behera gelditu zen gure lehenengo emanaldia Zumaiako San Telmo jaietakoa izan zen. Entsegu batzuk egiten jarraitu dugu, baina uda zaila izaten ari da. Itxarotea baino ez zaigu gelditzen, ea urtarrilean jo dezakegun, sansebastianetan.
Gainera, zuek udan jotzen duzue gehien, ezta?
Bai, noski. Lan karga handiena ekainetik irailera izaten dugu. Horregatik, eskerrak Abuztua Donostia egitarauan jo dezakegun.
Jendea txarangak eta zuzeneko musika ikusteko gogoz dagoela iruditzen zaizu?
Donostian, zehazki, txaranga ez da izaten jaietako jarduera nagusia, beste gauza asko antolatzen direlako. Herri askotan, ordea, txaranga izaten da jai giroa sortzen duena, eta gogoz egongo direla pentsatzen dut.
Areto batean kontzertu bat antolatzerakoan nahiko erraza da edukiera eta jendearen arteko distantziak kontrolatzea, baina zuen kasuan nola kontrolatuko da hori?
Udalak esan zigun ezinezkoa zela gure kabuz kaletik ibiltzea, eta horregatik joko dugu karroza moduko baten gainean. Bestalde, kontua ez da jendea gure atzetik ibiltzea, hirian txarangen presentzia bermatzea da helburua, nolabait esateko hemen gaudela. Hau da, karroza mugimenduan egongo da denbora guztian, agian geldialdi txikiren bat eginda, baina oso laburrak. Horrela, jende pilaketak saihestuko dituzte.
Horrela jotzen seguru sentitzen zarete?
Ez da jotzeko modurik erosoena, baina segurtasun aldetik ez da arazorik izango. Beste gauza bat da ez dela gure ohiko formatua, baina ezin da beste era batera egin.
Udalaren Abuztua Donostian egitarauak hainbat kritika jaso ditu: jai herrikoiek salatu dute beraiei oztopoak baino ez dizkietela jarri euren jai alternatiboak antolatzeko, eta hainbat eragilek salatu dute koronabirus kasu berriak atzematen ari diren honetan ez dela aproposa halako egitarau bat antolatzea. Kritikekin bat egiten duzu?
Ez dakit asko gai horri buruz, eta beraz, ezin dut esan zer egin daitekeen eta zer ez. Ulertzen dut txaranga bat ezin dela kalez kale ibili, ez dakizulako zenbat jende egongo den txarangaren inguruan. Hala ere, esan behar da Donostian ez dela horrenbeste jende ibiltzen txarangen atzetik; urte berezi honetan, ordea, ez denez beste ezer egon, agian jende gehiago egongo litzateke.
Niregatik, esango nizuke ahalik eta emanaldi gehien egiteko, baina ezin baldin bada ziurtatu gure inguruko pertsonen eta taldekideen segurtasuna, izorratuko naiz eta ez ditugu horrenbeste emanaldi izango. Ez dago besterik.
Bestalde, guk askotan jo izan dugu Donostiako Piratetako kofradia batzuekin, eta gustura joko genuke aurten ere, giro polita sortzen delako. Azken finean, gure formatuarekin oso zaila da jende pilaketak ekiditea eta distantziak mantentzea.
Noiz eta non joko duzue?
Hilaren 14an eta 20an joko dugu, 18:30etik 20:30era. San Telmo ingurutik aterako gara Pasealeku Berrira, eta ez dakit zehazki noraino joango garen karroza horretan. Pare bat geldialdi txiki egingo dira, eta Pasealeku Berrian bukatuko dugu.
Aurrera begira, nola ikusten dituzu datozen hilabeteak?
Nahiko beltz ikusten ditut. Izan ere, gure ikusleria ez da aulki batean eserita egoteko modukoa. Planteatu dezakegu agertoki baten gainean jotzea, baina ez da gure formatua eta ez da lehenengo aukera. Une honetan, San Sebastian Egunera arte gehiago ez jotzea sinatuko nuke, baldin eta egun horretan jotzeko aukera badugu. Izan ere, horrek gauzak hobera joan direla esan nahiko du. Hala ere, irailetik urtarrilera ez ditugu emanaldi asko izaten, eta neguko jaiekin hasten gara berriz jotzen.