Koronabirusa izan da gai nagusia Kursaaleko terrazetan egin duten bertso saioan
Koronabirusa eta honek eragindako egoera sozial, politiko eta ekonomikoa izan da gai nagusiak Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Onintza Enbeita eta Amets Arzallusek parte hartu duten bertso saioan. Agurreko bertsoen ostean, pandemiaren ostean bertsolarien bizitzan zer aldatu den guztiz eta zer ez izan dute bertsotarako gai. Horren ostean, Alaia Martinek maskaren inguruan bota behar izan ditu bertsoak, bere hiru aurkariek zer motako maskara eraman beharko luketen zehazki. Gaztelumendik, Enbeitak eta Arzallusek erantzuteko aukera izan dute.
Hizkuntzen erabilera ere bertsotarako gai izan da, Ane Ezenarro gai jartzaileak Abuztua Donostian egitarauan dagoen Zurriola Street Food-i buruz galdetu baitie bertsolariei. Koronabirusaz gain azken egunetako albiste nagusiak ere izan dituzte hizpide, Juan Carlos I errege ohiaren ihesaldia, adibidez.