Zinemaldiarekin zerikusia duten Kutxa Fundazioaren Fototekako argazki guztiak katalogatuko dituzte
Donostiako Zinemaldiak eta Kutxa Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, fundazioaren Kutxateka.eus irudi artxibo digitaleko Zinemaldiarekin zerikusia duten argazkiak katalogatzeko. Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) ikerketa proiektuaren baitan sinatu dute hitzarmena, fundazioaren artxiboko argazkiak katalogatzeaz gain, Zinemaldiaren beraren artxiboan gordetako argazki funtsa berreskuratu, kontserbatu eta katalogatzeko helburuarekin. Bi lan ildo horiek jorratuz, Zinemaldiaren memoria bisuala sakonago ezagutzeko aukera izango da, baita argazki ondar hori behar bezala kontserbatu eta zabalduko dela bermatu ere.
Katalogazio lanaz gain, urtero, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, argazki erakusketa bat egitea adostu dute hitzarmenean. Aurtengoa abenduan izango da, eta Zinemaldiaren artxiboari buruzko ikerketetan oinarritutako azterketa kasuetako bat aurkeztuko dute.
Ikerketa proiektua
2018an sortu zuten Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) ikerketa proiektua Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE). Zinemaldiaren artxibo bizia sortzeko helburuarekin sortu zuten proiektua, eta 2022an amaituko dute lehenengo fasea, Zinemaldiaren 70. urteurrenean, hain zuzen. Ikerketa proiektuak Tabakaleraren, Euskadiko Filmategiaren eta Kutxa Fundazioaren laguntza du hasieratik, baita Espainiako Loterias y Apuestas del Estado konpainiaren babesa ere.