Ikasturte berriarekin batera irekiko dute Jolastokietako haur eskola berria
Altzako Harrobieta plazako haur eskola berria irailean irekiko dute, ikasturte berriaren hasierarekin batera. Bi solairutan banatutako 750 metro karratuko lokala da, eta 0 eta 2 urte arteko 84 haur jaso ditzake. Hain justu, lau gela ditu 0 eta 1 urte arteko umeentzat, eta beste lau gela 1 eta 2 urte artekoentzat. Era berean, 96 metro karratuko jolasgunea eraiki dute. Ikasturte berrirako matrikulazioak irekita jarraitzen du.
Duñike Agirrezabalaga Hezkuntza zinegotziak azaldu du Jolastokietako haur eskola berriak orain arte Harri Berrik eta Rotetak eskaintzen zituzten zerbitzuak eskainiko dituela, eta nabarmendu du hiriko bigarren haur eskola handiena izango dela, Antiguakoaren ondoren. Aipatutako auzoko bi haur eskolak “zaharkituta” zeudela adierazi du Agirrezabalagak, eta azaldu du 645.000 euroko inbertsioa egin dutela bi haur eskola zahar horietako zerbitzuak Jolastokietako zentro berrian emateko. “Pandemiaren garaian beharrezkoak diren protokoloekin ikasturte berria nola egingo den jakitea besterik ez zaigu geratzen. Hezkuntza agintariek hartzen dituzten erabakien zain egon beharko dugu”, gaineratu du zinegotziak.