Tabernariek euren sektoreko kriminalizazioa salatzeko protesta zaratatsua egin dute Santa Maria elizako salbean
Joan den astean egin zuten moduan, Gipuzkoako tabernari ugari mobilizatu egin dira gaur, eta Parte Zaharreko Santa Maria elizan protesta zaratatsua egin dute, Langileak gara, ez gaizkileak lelopean. Eneko Goia Donostiako alkatea urtero joaten da meza horretara, eta hori aprobetxatuz, erakundeek ostalaritza eta gaueko aisialdia kriminalizatzen dutela salatu nahi izan dute ostalariek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak azken asteotan hartutako neurriek koronabirusaren kutsatze berrien errua botatzen dietela sentitzen dute.
Protesta oso zaratatsua izan da, eta elizako atean zeuden ertzainekin tentsio uneak bizi dira. Izan ere, ertzainek atentzioa deitu diote manifestari bati, mailu bat zeramalako zarata egiteko. Une horretan, Santa Maria elizaren aurrean zeuden ostalariak eta poliziak aurrez aurre eztabaidatzen hasi dira, eta ertzainetako batek argazkiak egiten ari zen pertsona bati bultza egin dio besoarekin. Pertsona horrek bere jarrera aurpegiratu dio agenteari, baina agenteak eskua bortizki kendu dio, eta argazkilariak bultza egin dio ertzainari. Poliziak pertsona hori heldu du eta iskanbila sortu da han zeuden herritar guztien artean, baita tentsio handia sortu ere. Bestalde, meza bukatu denean, elizatik atera diren herritar gutxi batzuek iseka keinuak egin dizkiete protestan ari ziren ostalariei, hauen haserrea sortuz. Alkatea atera denean, oihuak areagotu dira, tabernariek erakundeen jarrera aurpegiratu baitiote.