Koldo Almandozen 'Hondar ahoak' telesailaren grabazioa bukatzen ari dira
Aste honetan bukatuko dute Ondarroan Hondar ahoak fikziozko telesailaren grabazioa. Koldo Almandoz donostiarra da gidoilari eta zuzendaria, eta Txintxua Films ekoiztetxeak sortu du. Thriller eta zinema beltzeko elementuak nahasten ditu telesailak, lau atal izango ditu eta datorren denboraldia estreinatuko da ETB1en.
Istorioa euskal kostaldeko herri batean garatzen da, arrantza portu garrantzitsu baten inguruan. Fikzioa, itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin hasiko da. Kasu hauetan gertatzen den bezala, laster konturatuko da Nerea (Nagore Aranburu) ezer ez dela hasiera batean dirudiena. Aranbururekin batera, Eneko Sagardoi da beste protagonista nagusia, eta polizia-inspektorearen laguntzailea da.
Gainerako aktoreei dagokionez, luzea da zerrenda: Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Ainhoa Artetxe, Iraia Elias, Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas. Azpimarratzekoa da ere Senegalgo Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr aktore ez profesionalen parte hartzea.