Guardetxea "berpiztu" ahal izateko, laguntza ekonomikoa lortzeko kanpaina bat abiatu dute
Urgulleko Guardetxeak hutsik darama joan den irailetik, eta 2009tik 2019ra espazioa kudeatu dutenek, BandaBat elkarteak, dirua bildu eta etxeak dituen zorrak kitatu ahal izateko laguntza ekonomikoa eskatu du, “Guardetxea berpiztu, eta lehen zen espazio ederra berreskuratzeko”.
Horretarako, Guardetxearen logoa duten poltsak eta kamisetak jarri dituzte salgai, hamar eta hamabost euroan, hurrenez hurren. Salgai jarri duten materialari prezio zehatza jarrin arren, mota guztietako ekarpenak egiteko aukera zabaldu dute: “Zuretzat gehiegi bada, nahi edo ahal duzun neurriko ekarpena ere ongietorria izango da”, adierazi dute elkartekoek sare sozialetan. Honako galdetegian egin daiteke materialaren eskaera.
Eraikina utzi eta hustu zutenetik udalak hainbat trikimailu erabili dituela salatu zuten kultur elkartekoek abuztu hasieran, espazioa beste eragile batzuei eskainiz “dibisa politiko” gisa erabili dutela argudiatuta. Udalak Guardetxearen kudeaketa esleitzeko leihaketa publikoa noiz argitaratuko zain daude elkartekoak, euren proiektua berriro aurkeztu ahal izateko.
Bestalde, eraikinaren konponketa batzuk egiteko udalak aurrekontu bat gorde zuen arren, konponketa horiek ez dituztela egin adierazi zuten.
Azkenik, udalaren Gazteria Sailarekin komunikazioa oso zaila izaten ari zela esan zuten, elkarteko kideak haiekin telefono eta posta elektroniko bidez komunikatzen saiatu ziren aldietan mezuak eta deiak ekidin zituztela argudiatuz.
Eraikina erabili gabe egon diren denborak arazo ekonomikoak eragin dizkietela ere esan zuten, haien finantziazio iturri nagusia diren ekitaldi eta jardunaldi kulturalak ezin izan dituztelako egin.