Jaurlaritzak ezarritako neurri berrien aurrean, hainbat udal zerbitzu moldatu ditu Donostiako Udalak

COVID-19aren hedapena geldiarazteko prebentzio neurri berriak indarrean jarri ditu aste honetan Eusko Jaurlaritzak. Osasun sailaren abuztuaren 19ko aginduan ezartzen diren jarraibideek hiriko hainbat udal zerbitzuri eragiten die.
Alde batetik, Polloe hilerriko ehorzketetan parte hartu dezaketen pertsonen kopurua aldatu du udalak: gehienez 30 pertsona egon ahal izango dira hildakoaren agurrean, eta maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Hiletak egiteko bestelako lekuak baldintza berdinetan mantentzen direla jakinarazi du udalak, eta Polloeren ordutegia mantendu egingo dute, 8:00etatik 20:00ak arte. Edozein eskaera egiteko 943 42 35 40 telefonora deitu ahal izango da, edo posta elektronikoz honako helbidera mezu bat idatzita: polloe@donostia.eus.
Bestetik, udal kirol instalazioetan kutsatzea prebenitzeko protokoloek eta segurtasun neurriek martxan jarraitzen dutela jakinarazi du udalak: %60ko edukiera mugatua, garbiketa eta desinfekzio lanen errefortzua, seinaleak eta sarrerako alfonbrak, besteak beste, baita erabiltzaileek betebeharreko neurriak ere. Donostia Kirola sailetik gogorarazi dute igerilekuetan hamar pertsonatik gorako taldeak ez daudela baimenduta, eta pertsonen arteko distantzia errespetatu beharko dela. Halaber, igerilekuetako joan etorrietarako eta ibilaldietarako, maskara erabili beharko da beti, orain arte bezala. Jarduera fisikorako, kirola egitean, ez da maskara derrigorrezkoa izango, betiere distantzia neurriak bermatzen badira.
Era berean, Aste Nagusiaren ordez programatutako Abuztua Donostian egitasmoaren barne zeuden zenbait ekimen bertan behera utzi dituzte:
- Trikitixa (Amara, abuztuak 21; Intxaurrondo, abuztuak 22; Erdialdea, abuztuak 23; Egia, abuztuak 28; Altza, abuztuak 29).
- Txaranga ibiltariak (abuztuak 26 eta 27).
Azkenik, Dbuseko gautxori zerbitzuen ordutegiak aldatu dituzte, hurrengo abisura arte. Zerbitzu horien azken irteerak 01:30ean izango dira, “agintaritzek emandako jarraibideei kasu eginda eta COVID-19agatik gaueko aisialdiari ezarritako mugapena kontuan hartuta”. Zerbitzu horietan emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako eskaripeko geldialdi sistemak martxan jarraituko duela adierazi dute, ibilbideko zenbait tokitan.