Kontxako estropadako sailkatze proba bi egunetan egingo da

Hamar egun besterik ez dira falta Kontxako estropadako lehen iganderako eta dagoeneko arrauneko domina preziatua eskuratzeko leihaketan zenbait aldaketa iragarri ditu Donostia Festakek, koronabirusak sortutako egoerari egokitzeko. Lehena, sailkatze estropadari dagokionez. Aurten, bi egunetan egingo da: asteazkenean, irailaren 2an, emakumeen 17 traineruak arituko dira igandean parte hartzeko leihan; ostegunean, irailaren 3an, aldiz, mutilen txanda izango da eta 24 traineruk hartuko dute parte kasu honetan. Estropada ordu berdinean hasiko da bi egunetan, alegia, 17:30etan.
Bigarren aldaketa nabarmena Kontxako estropaden ordutegiari lotuta dago, bai irailaren 6koari, baita 13koari ere. Izan ere, ordubete aurreratuko da aurten: nesken estropada 10:00etan hasiko da, eta mutilena, berriz, 11:00etan.
Beste aldaketa bat izango da banderak ez direla Donostiako portuan emango. Eta oraingoan ere, uztaileko estropadan egin bezala, zaleei etxean geratzeko eskaera luzatu dute.
Estropadako berri on nagusia arraun taldeek jaso dute. Izan ere, bi kategoriatako zortzi traineruen ordainsariak areagotu dituztela iragarri du Donostia Festakek.
Momentuz, iragarritako gainontzeko aldaketek arraun taldeei eragiten diete batik bat. Dena den, ostiralean antolaketari buruzko xehetasun gehiago iragarriko dituztela aurreikusten da.