Literatur egitarau zabala, erakusketa berriak eta askotariko emanaldiak eskainiko ditu Donostia Kulturak irailean

Iraila gertu da eta Donostia Kulturak koronabirusari egokitutako egitarau zabala prestatu du.
Antzerki arloan, Cuidados intensivos, Turistreatzen, Rita, Zoaz pake santuan eta Desmontando a Séneca antzezlanak eskainiko dituzte, besteak beste. Musika arloan, aldiz, Ludwig van Bethoveenen jaiotzaren 250. urteurreneko kontzertuak izango dira protagonistak. Informazio guztia lotura honetan irakurri daiteke. Gainera, Basoka musika jaialdia ere egingo dute irailaren 5ean Miramongo anfiteatroan.
Literatura arloan, Poesia orduak egingo dituzte Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak antolatuta. Zehazki, 7an Fito Rodriguezen Hain zara eder lana eskainiko dute autoreak eta beste hainbat errezitatzailek, eta 9an Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsak kolkoan eztulik egin gabe errezitatuko dute autoreak eta beste hainbestek. Victoria Eugenia Club-ean izango dira, 19:30etan, eta gonbidapenak egunean bertan, 17:00etatik aurrera, banatuko dituzte leihatilan. Era berean, Poesia eta pentsamendua errezitala ere egingo dute irailaren 17an.
Gainera, Liburutegi Nagusian, aurrez aurreko literatur solasaldiak berreskuratuko dira. Irailaren 14an 19:45etan, eta 15ean eta 29an 19:30etan egingo dira eta, hurrenez hurren, Bret Easton Ellisen Less than zero, Mary Shelleyen Frankestein: edo Prometeo modernoa, eta Buhomil Hrabalen Una soledad demasiado ruidosa dira hautatutako lanak. Toki berean Fernando Perezen El último trabajo de Mark Green liburua aurkeztuko dute hilaren 17an, 19:00etan.
Dantzari lotuta, bi emanaldi izango dira, eta biak Egian: lehenengoa, Kintsugi izenekoa, irailaren 1oean Iron Skulls boskoteak eskainiko du 19:00etan eta 19:30etan, Blas de Otero plazan; bigarrena, Zehar, Gasteszenan eskainiko du Zehar taldeak, gaztelaniaz irailaren 12an 20:00etan eta euskaraz 13an 19:00etan.
Erakusketei dagokienez, berriak iritsiko dira irailean hiriko kultur etxeetara. Horietan lehenengoa Egiako kultur etxean egingo dute: Imanol Manterola Odriozola argazkilariaren Emakumea palestinar kooperatibetan egongo da ikusgai irailaren 7tik 30era. Egun beretik aurrera, Intxaurrondo kultur etxean Lucio Urtubia: una vida de lucha, en viñetas erakusketa bisitatu ahal izango da. Azken hau, urriaren 17ra arte egongo da ikusgai. Irailaren 10etik urriaren 16ra Eskola Gurutziaga Abesbatzaren 25. urteurrenari lotutako erakusketa bisitatu ahal izango da Aiete kultur etxean. Toki berean, irailaren 11tik aurrera eta urriaren 31era, Exodoa, hondakinetara ihesi erakusketa egongo da. 25etik aurrera (azaroaren 9ra arte) Tolosako Topic Museoko funtsetako 80 txotxongilo ikusi ahal izango dira Okendo kultur etxeko Alegiazko izakiak erakusketan. Aipatutako erakusketez gain, azaroaren 1era arte Postigo, garai baten kronika erakusketa ere bisitatzeko aukera eskaintzen du San Telmo Museoak, Fernando Postigo argazkilariak museoari emandako funtseko hainbat argazkik osatzen dutena.
Bestalde, aurtengo Euskal astea irailaren 2tik 13ra bitartean egingo dute, nahiz eta oraindik ez diren jarduerak jakinarazi. Era berean, Bretxako artisautza merkatua izango da irailaren 1ean, 6an, 20an eta 27an 11:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 21:00etara, GABILTZA-Gipuzkoako Artisau Elkarteak antolatuta. Irailaren 6an, gainera, Arte feria izango da Bulebarrean, Gipuzkoako Artisten Elkarteak antolatua, 10:30etatik 20:00etara.
Ikastaroetan izena emateko epea
Urtero bezala, 356 ikastaro eskainiko ditu Donostia Kulturak 2020-2021 ikasturtean, horietatik 333 helduentzat eta 23 haur eta gazteentzat. Izena emateko epea irailaren 14tik (16:00etatik aurrera) irailaren 27ra izango da zabalik. Kultur etxeetan eta Donostia Kulturako webgunean eman daiteke izena.