Parte Zaharrean Bizik koronabirusaren hedapena gelditzeko neurriak eskatu ditu

Donostiako Udalari, Eusko Jaurlaritzari, Euskadiko Udalen Elkarteari (EUDEL), Arartekoari eta Espainiako Industria Ministroari koronabirusaren bigarren olatua gelditzeko neurriak eskatu dizkio, baina ez dute nahi zuten erantzunik jaso. Zehazki, idazkian bizilagun-komunitateetan hartu behar zituzten neurriei buruz galdetu zieten, turismora bideratutako negozioekin espazio komunak baitituzte bizilagunek, eta kezkatuta daudela helarazi diete. Horrez gain, elkarteak eskatutako neurriak agintari ezberdinek ez dituztela aztertu adierazi dute.
Donostiako Udalak eta EUDELek adierazi dute halako neurririk hartzeko eskumenik ez dutela. Arartekoak, bestalde, gogorarazi du administrazioek elkarteak luzatutako eskaerak ebazteko hiru hilabeteko epea dutela, eta eskaera Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministeriora bidaltzeko gomendatu zien. Ministerioak, berriz, eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela adierazi zien. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak bizilagunei bakarrik bideratutako gomendioak bakarrik eman ditu, hau da, ez dute neurririk hartu.
Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideek adierazi dute herritar gehienak babesik gabe egotea “oso larria” dela, eta neurri eta protokolo guztiak “turismo-ostatuen erabiltzaileak soilik babestera” bideratuta daudela. Administrazio ezberdinetako agintariei ardura izan dezaten eskatu dute, eta Eusko Jaurlaritzari neurriak hartzea exijitu diote.