Bentaberriko bizilagun bat etxegabetzeko asmoari eusten dio Testa-Blackstone putre funtsak

Hilaren 18an Testa-Blackstone putre funtsa Victoria Bentaberriko bizilaguna etxegabetzen saiatu zen. Kontratua berrituko ez diotela adierazi, eta egun horretan giltzak emateko eta etxetik joateko eskatu zioten. Bentaberriko bizilagunaren egoera salatu dute Alokairu plataformak, Kaleratzeak Stop taldeak eta Azorako maizterrek.
Kaleratze data irailaren 9rako ezarri du Testa-Blackstone putre funtsak, nahiz eta epaileak oraindik ez duen data hori berretsi. Bitartean, Donostiako Udala putre funtsarekin negoziatzen ari da Victoriak ordaindu dezakeen etxebizitza bat aurkitzeko, baina hiru elkarteek adierazi dute udako oporrengatik negoziazioak geldituta daudela. Dena dela, gaineratu dute putre funtsak “gure adiskidea mehatxatzeko” oporrik ez duela hartu.
Egoera ikusita, elkarretaratzea egingo dute ostegunean 11:00etan, Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren bulego aurrean. Hiru elkarteek, Victoriak eta beste bizilagun batzuek parte hartuko dute.