Atzemandako bi kasu positibo direla eta, bi eguneko zentro itxi dituzte, Donostian eta Oiartzunen

Azken 24 orduetan ez da kasu positiborik izan Gipuzkoako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean. Ordea, Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, bi eguneko zentro itxi behar izan dituzte, PCR bidez atzemandako bi kasu positibo direla eta; Donostiako Elizaran eta Oiartzungo Aiton Etxe eguneko zentroak dira. Gainera, Azpeitiko, Mutrikuko, Zarauzko eta Errenteriako Sanmarkosene eguneko zentroak itxita daude.
Une honetan, lurraldeko adinekoen egoitzetako hamazazpi langile daude diagnostiko positiboarekin, duela astebete baino zazpi gehiago. Mendozak jakinarazi duenez, hamarrek jada gainditu dute gaixotasuna.
Atzo, asteartero bezala, Mendozak Gipuzkoako gizarte-zerbitzuen sareak COVID-19ri dagokionez bizi duen egoera errepasatu zuen, Gizarte Politiken Sailak bildutako datuetan oinarrituta. Alde batetik, argitu zuen sei direla zaharren erresidentzietan diagnostiko positiboa duten pertsonak, eta ez zazpi, Aldundiak astelehenean esan bezala: “Positibo emanda dauden egoiliar guztiak Donostiako Hermano Garate zentroko egoiliarrak dira, eta egoitzaren barruan sektore berekoak dira; horietako lau Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitariora eraman dituzte”, adierazi zuen.
Zaharren egoitzetan bizi duten egoera dela eta, erabiltzaileen irteerak aldi baterako eten dituzte honako egoitzetan: Errenteriako Sanmarkosenen, eta Donostiako Hermano Garaten, Berminghanen, Txara I-en, eta Zorroagan; horietan, eragindako sektoreko egoiliarrak isolatu egin dituztela azaldu zuen bozeramaileak.
Halaber, itxita ez dauden eta kasu positiborik ez duten Gipuzkoako zentroetan bisitak egiteko aukerak zabalik jarraitzen du. Bisita bakoitzean pertsona bakarrak egon ahalko du, eta ez da beti pertsona bera izan beharko. Neurri horiek, aldiz, ez dira berdinak bizitzaren amaierako prozesuan dauden egoiliarrentzat.