"Nola ordainduko ditugu gastu guztiak, lan egin nahi badugu, baina uzten ez badigute?"

Azken astean, nabarmen egin du gora koronabirusak kutsatutako pertsona kopuruak. Eusko Jaurlaritzak agindu berri bat argitaratu zuen joan den abuztuaren 19an, ostalaritzako jarduna arautzeko. Sektorearen «kriminalizazioa» salatu, eta bizi duten egoera txarra kritikatu dute ostalariek. Maitane Uzkudun Sariketa tabernako jabeen alaba eta Spot tabernako jabea da, eta bizi duten egoera azaldu du elkarrizketa honetan.
Hedabide honek hiriko ostalariek bizi duten egoerari buruzko erreportaje batean jaso ditu Uzkudunen hitzak, baita Kino Martinez eta Mikel Benitorenak ere; Martinez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusia da, eta Benito Ordizi tabernako jabea. Erreportaje osoa ostiraleko astekarian izango da irakurgai.
Nolakoa da Sariketaren egoera gaur egun? Abuztuaren 19an Eusko Jaurlaritzak emandako aginduak nola eragin dio zuen tabernari?
Sariketa ostalaritzaren III. taldean dagoen taberna da orain dela 41 urtetik, pub edo gaueko taberna gisa lan egiten du. Abuztuaren 19an Eusko Jaurlaritzak publikatutako dekretuan gure taldeko tabernak eta diskotekak itxi egin behar zirela zehaztu zuten, beraz, gaur egun itxita dago, familiaren beste pare bat taberna bezalaxe. Dekretu horrek eragin zuzena izan du gure jardunean, eta sentitzen dugu ez dugula inongo informaziorik ezta laguntzarik ere jaso.
Gaueko ostalari askok “kriminalizazioa” salatu dute, eta osasun neurriek kaltetutako sektore nagusietako bat den arren, ezin da ukatu kutsatzeko gune arriskutsuak izan daitezkeela gaueko tabernak. Gaueko ostalarien negozioen biziraupena eta kontsumitzaileen osasuna bermatzearen arteko oreka lortzeko, zein modu ikusten dituzu?
Bai, sekulako kriminalizazioa nabari dugu gure sektorearekiko, eta batik bat gaueko tabernen kasuan. Diagnostiko positibo bat ateratzen den unean gertatzen dena izugarria da: esaterako, nola argitaratzen duten tabernaren izena, eta nola prezintatzen duten lokala, beste sektoreetan ikusten ez dugun bezala. Asko irakurtzen dut eta datu zehatzen bila ibiltzen naiz: kutsatzeak beste milaka esparrutan ere gertatzen dira egunero.
Argi dago, jendeak sozializazio zirkulu handia mantentzen badu, eta segurtasun eta higiene neurriak ahazten baditu, egoera okertu egin daitekeela. Baina, oraingoz, behintzat, gauak ez du kutsatzeetan eragin zuzenik.

Fermin Kalbeton kaleko Sariketa taberna, koronabirusaren eraginez itxita. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Uste duzu erakunde publikoak neurri egokiak hartzen ari direla? Eta bezeroak arduraz jokatzen ari dira?
Ostalaritzan, hasieratik, neurri asko ezarri dira: distantzia, garbiketa, ordutegiak, eta abar. Uste dut informazioa zuzenagoa eta hobea balitz, horrenbeste aldaketa eta kontraesanik egon gabe, jendeak hobeto beteko lituzkeela: kutsatzeak nola saihestu, PCR testen datuen ehunekoak eta maskarak noiz eta nola erabili, besteak beste. Hori ere ikasketa berri bat izaten ari da denontzat.
Erakunde publikoetan aldiz, besteoi ezartzen dizkiguten neurriak ez dituztela betetzen ikusten dugu noiz nahi. Adibidez, autobusetan ez dira eserlekuak eta ukitzen diren elementuak garbitzen, edukierak murrizten, eta frekuentziak gehitzen. Beste hainbeste kutxazain automatikoetan eta beste leku askotan ere.
Agian, agintarientzat errazena kulpak kanpora bota eta ostalaritza itotzea edo ixtea da. Ez dut esaten neurriak ez direnik egokiak, baina horri aurre egiteko laguntzak, non daude? Alokairuak, gastu finkoak, autonomoen zergak, Gizarte Segurantza, eta abar. Nola ordainduko ditugu gastu horiek guztiak, lan egin nahi, baina uzten ez badigute?
Nola ikusten duzu tabernaren etorkizuna?
Egoera oso larria da. Lehenago hamasei hamasei astez izan genituen tabernak itxita, eta orain berriro, zenbat denborarako izango den jakin gabe. Taberna askoren biziraupena jokoan dago, baita langileena eta sektore honetaz bizi diren milaka enpresa eta pertsonena ere. Laguntzak eskaini dituzte, baina jakin nahiko nuke zenbati iritsi zaizkio.