Realak Portugaleko bidaia bertan behera utzi du, koronabirus kasu batengatik

Koronabirus kasuak gora doaz Gipuzkoan, eta Reala ere ez da aise atera agerraldi berri honetatik. Izan ere, talde txuri-urdinak adierazpen ofizial baten bitartez jakinarazi du koronabirus kasu bat atzeman dutela lehen taldean. Horren ondorioz, bihar Portugalera egin behar zuten bidaia bertan behera utzi dute eta, beraz, Río Ave FC eta FC Famalicao taldeen kontrako lagunarteko norgehiagokak ezingo ditu jokatu. Era berean, iragarri du gainontzeko taldekideek ere PCR probak egingo dituztela bihar.
Duela aste batzuk itzuli zen Reala entrenamenduetara, baina dagoeneko bigarren aldiz kolpatu du koronabirusak taldea abuztuaren 15etik. Izan ere, aurredenboraldia hasi zuen egun berean, bi jokalarik positibo eman zutela jakinarazi zuten txuri-urdinek, eta ezin izan zuten hasieratik talde osoarekin entrenatu.