Antiguako Pilota Txapelketak baditu finalistak
Aurten 72 urte bete ditu Antiguako Pilota Txapelketak, eta afizionatu mailako zaharrenetakoa da. Joan den abuztuaren 4an hasi zen Antiguako Pilotazaleok elkarteak antolatutako torneoa, eta dagoeneko sartu da azken txanpan. Astelehenean, asteartean eta asteazkenean jokatu zituzten finalaurrekoak, eta finalera iritsi diren pilotarien izenak jakinarazi dituzte. Finalak abuztuaren 29an jokatuko dira, 11:00etatik aurrera.
Emakumezkoen kategorian Olatz Arrizabalaga eta Miren Larrarte pilotariak izango dira finalean. Larrartek Antiguako emakumezkoen txapelketa guztietan parte hartu du orain arte, eta asteazkenean Amaia Aldai bizkaitarraren aurka jokatutako partidan erakutsi zuen baliabide asko dituen pilotaria dela: Larrartek 18-15 irabazi zion Aldairi. Garaipenak finalera pasatzeko atea zabaldu zion bidaniarrari.
Promesen kategorian, aldiz, Olaetxea eta Lizeagak Fernandez eta Apezetxearen aurka jokatuko dute. Asteazkeneko finalerdian 22-5 irabazi zieten Fernandez eta Apezetxeak Unai Alberdi eta Santamariari, eta antolatzaileen ustez, bikote “fidagarri eta sendoa” osatu dute finalera pasa direnek.
Azkenik, gizonezkoen kategoriaren finala jokatuko dute Elolak eta Sarasak Espinal eta Gascueren aurka. Hain zuzen, antolatzaileek Espinalek finalerdian izandako papera azpimarratu dute: “Iker Espinalek Antiguako frontoiko ikusleak maitemindu ditu berriro ere (…) Lau pilotariei eskainitako txaloak, hein handi batean, Espinalen jokaera bikaina azpimarratzeko izan dira”.