Aurreratu egin dituzte Urgull mendiko zerbitzu sarea berritzeko lanak
Irailean hasi behar zituzten Urgulleko zerbitzu sarea berritzeko lanak, udako denboraldia amaitzean, baina aurreratu egin dituzte, Covid-19a dela eta uste baino turista gutxiago dagoelako Donostian. Aste honetan lanak ahalbidetzeko prestakuntzekin hasi dira, obrarako txabolak jarri dituzte, eta komun berriak jarriko dituzten lekuan zuloak egiten hasi dira.
Proiektuak 838.071 euroko aurrekontua du, eta lau hilabete eta erdi inguru iraungo duela aurreikusi du Donostiako Udalak. Moyua enpresak irabazi zuen lehiaketa publikoa, eta proiektuaren ardatza Urgull mendiko zerbitzu eta eraikin ezberdinak hiriko saneamendu orokorraren sarera lotzea izango da, hala nola Motako gaztelua, Natur Txokoa eta taberna.