"Balio jakin batzuk barneratu ditut Mariaren Bihotza parrokiari esker"
Saguesko Mariaren Bihotza parrokia hilaren 31ean itxiko dute, klaretarrek Donostian egindako 100 urteko historia itxiz. Koro Genua auzotarrak oso harreman estua izan du parrokiarekin eta ikastolarekin, eta triste agertu da itxierarekin.
Mariaren Bihotza parrokiaren itxieraren harira, klaretarrekin eta parrokiarekin harremana izan duten hainbat auzotarrekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, eragin handia izan baitu parrokia horrek Grosen, eta bereziki, Saguesen. Era berean, baliteke eraikin horretan gune turistiko bat egitea, EH Bilduk salatu baitu hotel bat egiteko lizentziaren izapideak oso aurreratuta daudela. Ez da hotel edo zentro turistiko bihurtu dezaketen Donostiako lehenengo zentro erlijiosoa, eta gai hori ere aztertu du hedabide honek, Bizilagunekin plataformaren, Ancora Ondarearen Babeserako elkartearen eta Josu Narbarte arte historialariaren eskutik. Erreportaje osoa ostiralean irakurri ahal izango da astekarian eta webgunean, baina bitartean, hona Koro Genua Mariaren Bihotza Ikastolako ikasle ohiari egindako elkarrizketa osoa:
Zer harreman izan duzu Mariaren Bihotza parrokiarekin?
Haur Hezkuntzan hasi nintzen Mariaren Bihotza ikastolan, eta parrokiarekin oso harreman estua izan zuen beti ikastolak. Izan ere, katekesia han bertan egiten zenuen, eta parrokiaren inguruan gauza asko zeuden. Patio garaian abesbatzarekin joaten zinen, esaterako, eta horrek ere parrokiarekin lotzen zintuen.
Bizitza guztia parrokian egin dut, txikitatik. Saguesko jaietan, esaterako, abesbatzakook jaietako jarduera askotan hartzen genuen parte, jende asko geundelako horren inguruan: ikasleak, gurasoak, abesbatzako kideak, eta abar. Gaur egungo gaztelekuak ziren lehen parrokiak.
Mugimendu handia zegoen parrokiaren inguruan?
Bai. Nire garaian, mendizale talde bat sortu zen, esaterako. Oso erraza zen jendea jarduera horietara animatzea, parrokiak proposatzen zituelako, eta gu atez ate joaten ginen jendea animatzen. Jende asko zegoen parrokiarekin lotuta.
Bestalde, niri parrokiak ikastolak baino gehiago eman dit, nahiz eta ikastolan hasi nintzen parrokiarekin harremana izaten. Izan ere, balio jakin batzuk barneratu nituen parrokiari esker. Esaterako, Leitzan udalekuak egiten ziren lehen, eta hango udalarekin hitz egin ondoren, herriko kaleak garbitzen genituen. Nahigabe, balio horiek zure egiten dituzu.
Harremana mantendu duzu parrokiarekin?
Bai, abesbatzarekin jarraitu nuelako, batik bat. Ezkondu nintzenean pixka bat aldendu nintzen, merkataritzan egiten baitut lan, eta ordutegiak ez dira batere onak. Hala ere, harremana mantendu dut, nire alaba Mariaren Bihotza ikastolara joan baitzen. Hain zuzen, duela lau urte inguru, katekista moduan hasi nintzen parrokian.
Bestalde, duela 25 urte inguru gazteentzako talde bat sortu genuen parrokiaren inguruan: Irten. Parrokiak asko lagundu zigun talde horrekin, beti ikusi dut auzoko bizitza sustatzeko gogoa zegoela parrokian.
Zer eragin izan du parrokiak auzoan?
Parrokiari esker oso bizipen aberasgarriak izan ditugu auzoko bizilagun askok. Esaterako, bere garaian Lasarteko pertsona pobreekin lan egiteko talde bat sortu zen, Bilbora ere joaten ginen hango jendeari laguntzera, eta abar. Parrokiak sortzen dizkizu bizipen horiek.
Zergatik uste duzu itxiko dutela?
Ikastolaren kasuan, ulertu nuen itxiera, haur kopurua asko jaitsi zelako. Parrokiak, ordea, pena handia ematen dit. Izan ere, guk harreman oso estua izan dugu; nire aita ikasle ohia izan zen, eta iaz hil zen, 85 urterekin. Parrokian hazi gara.
Beti gelditzen zaizu gehiago egin zitekeenaren sentsazioa. Gu, esaterako, oso guraso aktiboak izan gara. Duela bi urte, esaterako, danborrada sortu genuen, parrokiaren inguruan, baita ere. Ikastolako guraso talde batek sortu genuen taldea, baina laguntza handia eman zigun parrokiak horretarako. Orain, adibidez, ez dakit zer egingo dugun material guztiarekin, han gordetzen baitugu. Halaber, Bioztun euskal dantza taldeko jantziak eta material guztia ere han dago.
Nola eragingo du auzoan itxierak?
Hutsune handia utziko du. Hor dago San Ignazio, baina guretzat oso desberdina da. Izan ere, klaretarrak gozoagoak izan dira gurekin.
Bestalde, Saguesko jaiak egiten ez direnetik ere mugimendu gutxiago dago Saguesen. Lehen, jaiekin, parrokian ibiltzen ginenok mahai ugari jartzen genituen jaula-n –Aita Klaret plazako kirol kantxa, auzotarren artean jaula gisa ezaguna–, eta abar. Mugimendu asko zegoen.
Era berean, gazte guztiak Saguesko petrilean ibiltzen ginen, eta eguraldi txarra egiten bazuen parrokiara sartzen ginen; etxean bezala ibiltzen ginen parrokian. Denok elkar ezagutzen genuen, eta biltzeko gune bat zen: astebururako plana egiten genuen, gazte meza zegoen, eta abar. Hain zuzen, parrokiak gazteen ikuspuntua kontuan hartu izan du beti, eta hori oso ondo zegoen guretzat. Esaterako, ni parranda zalea izan nahiz, baina gazte meza 13:30ean zenez, beti joaten nintzen.
Baliteke parrokiaren eraikinean hotel bat egitea. Zer iruditzen zaizu?
Ni ez nago ziur, ez dakit hotel bat egingo duten. Hala ere, gustatuko litzaidake beste zerbait egitea hemen, beste zentzu batekin. Nik arduradunei esan nien urtean zehar ikastetxe nagusi bat jarriko nukeela, eta udan erromesentzako aterpetxe bat, adibidez. Nire ustez, eraikinaren esentzia mantendu behar da, nahiz eta diru gutxiago jaso.