Bentaberriko bizilagun baten etxegabetzea eragoztera deitu dituzte herritarrak
Kaleratzeak Stop plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute goizean Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren delegazioaren aurrean, Victoria Noriega Bentaberriko bizilagunaren etxegabetzea eragotziko dutela aldarrikatzeko. Etxegabetzea ekiditera deitu dute gizartea, eta EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko hainbat ordezkarik bat egin dute elkarretaratzearekin, baita ESK, LAB eta CCOO sindikatuek eta Alokairu plataformak eta Azorako maizterrek ere.
Noriega babes ofizialeko alokairuko Bentaberriko etxebizitza batean bizi da, baina gaur egun, Testa-Blackstone putre funtsa da etxebizitza horien jabea. Donostiarrak pentsio xumea dauka, eta hogei urtez kuota guztiak ordaindu ondoren, funtsak kaleratu egin nahi du, lau kuota ez dituelako ordaindu –apiriletik uztailera–. Hain zuzen, putre funtsak etxegabetze eskaria helarazi zion Noriegari hilaren 18an, eta irailaren 9rako ezarri zuen etxegabetzea. Data hori bertan behera utzi du epaileak, baina Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako kideak azaldu du litekeena dela etxegabetze data berria irailaren bukaeran ezartzea. Era berean, Testa-Blackstonek Bentaberrikoari jakinarazi dio ez diola azaroaren 30ean bukatzen den kontratua berrituko, eta giltzak eman behar dizkiola.
Testa-Blackstonek berak Bentaberrin apartamentu hutsak dituela nabarmendu du Garciak, eta horietako bat Noriegari eskaintzeko eskatu du, ordaindu ahal izango duen errenta batekin; 500 eurokoa, alegia. Putre funtsak, ordea, ez du hori egiteko asmorik adierazi. Bestalde, Garciak eskertu du udala enpresarekin egiten ari den negozioazioa eta azpimarratu du 2015etik, Kaleratzeak Stop plataformaren mozio bati esker, Donostia bankuek edo putre funtsek eskatutako etxegabetzeetatik libre dagoen hiria dela, eta horrelako kasuetan, udala bitartekari lanak egitera behartuta dagoela.
Era berean, udalaren bitartekaritzak fruituak ematen ez baditu, hau da, Noriegari ez badiote ordaindu dezakeen etxebizitza bat eskaintzen, nabarmendu dute etxegabetzea eragozteko edozein gauza egingo dutela, baita piketeak ere. Bestalde, Felipe Eizagirre Bentaberriko bizilagunak adierazi du Testa-Blackstonen jokaera ikusita, hilabeteko errentari aurre egin ahal dioten bizilagunak ere beldurrez daudela, ez dakitelako kontratuak berrituko dizkieten.