Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestuarekin bat egin du Irutxuloko Hitzak
Eusko Jaurlaritzako hurrengo arduradunak euskaldunak izan daitezela eskatu dute 325 kazetari euskaldunek. Hain zuzen ere, gaur goizean aurkeztu dute Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua, eta IRUTXULOKO HITZAk bat egin du eskaerarekin.
Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak irakurri dute adierazpena, Koldo Mitxelena kulturunean. “Ezaguna da euskaraz lan egiten dugun kazetariok, euskaraz egite hutsagatik eta gure hizkuntzaren egoeragatik, urteetan iraun duen desberdintasun egoera batean ari garela lanean”, azaldu dute. Era berean, nabarmendu dute herritar guztien ardura dela euskara normalizazio osora eramatea, eta zeregin horretan “lehen mailako erantzukizuna” erakunde publikoena dela. “Ez dira aski euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak”, gaineratu dute.
“Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea onartu eta 38 urtera”, heldu den Eusko Jaurlaritza osatu behar duen “arduradun nagusiari” galdegin diote “euskaraz hitz egiten duten” sailburu eta arduradunak izenda ditzala: “Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaio euskal kazetaritza profesionalari. Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaie herritarrei”.