Fedearen etxea zena turismoaren etxea da orain
Mariaren Bihotza parrokia ez ezik, hiriko beste hainbat zentro erlijioso ere itxi egin dituzte azken urteotan, eta horietako askotan hotelak edo bestelako gune turistikoak egin dituzte. Beste batzuk hutsik daude, eta ikusteke dago zein izango den euren etorkizuna. Mariaren Zerbitzarien, Erreparaziokoen, Mariaren Konpainiaren eta Santa Teresa komentuen kasuak aztertu ditugu Josu Narbarte arte historialariarekin, Ancora elkartearekin eta Bizilagunekin plataformarekin batera.
BEHARTSUENAK ZAINTZETIK, TURISTAK HARTZERA
Mariaren Zerbitzarien komentua
San Martin kalea
Mariaren Zerbitzarien ordena erlijiosoa 1880. urtean iritsi zen Donostiara, eta San Jeronimo kalean ezarri ziren, hiriko gaixoak eta pobreak artatzeko asmoarekin. Gero eta moja gehiago batu ziren ordenara, eta San Martin kaleko komentua eta eliza eraiki zituzten 1886an. 100 urte baino gehiago irekita egon ondoren, komentuan gelditzen ziren mojek eraikina uztea erabaki zuten 2014an. Bi urte geroago, luxuzko hotel bat egingo zuela iragarri zuen Zenit enpresak, eta aurten ireki dute.
Bizilagunekin plataformaren arabera, Mariaren Zerbitzarien komentuaren kasuak argi erakusten du Gotzaindegiak azken urteetan hartutako jokaera: “Euren eraikinak leku esanguratsuetan daudela aprobetxatzen ari dira, likidezia lortu eta turismoaren negozioan sartzeko”.
Bestalde, Narbartek nabarmendu du komentuak ez daukala balio handirik ondareari dagokionez: “Ondare balioa baino gehiago, balio urbanistikoa du, auzoan izan duen garrantziarengatik. Hain zuzen, eraikin erlijioso hauek hotel bihurtzea sintoma baten moduan hartuko nuke. Izan ere, trauma urbanistikoko ahulenak dira, eliza krisian dagoelako eta eraikin monumentalak direlako; bereziki gozoa izan daiteke hor hotelak egitea”. Nahiz eta balio handiegia ez izan, eraikinak B mailako babesa du udalaren Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezian (HEOBPB). Ordea, Ancora Ondarearen Babeserako elkarteak salatu du barruko lanak egiterakoan babestutako bi beirate bota zituztela, 1886koak.
HAUTSAK HARROTU ZITUEN ERALDAKETA
Mariaren Konpainiaren komentua
San Bartolomeko muinoa
San Bartolomeko muinoko Mariaren Konpainiaren komentua eta eliza 1876 eta 1887. urteen artean eraiki zuten, baina Narbartek nabarmendu du dokumentatuta dagoela puntu horretan komentu bat zegoela XVI. mendetik: “Garai hartan, hor zegoen eraikinak Aieteko baserri guztien parrokia moduan funtzionatzen zuen, eta XVI. mendetik, Donostiako alde urbanoa eta landakoa artikulatzen zituen giltzarri bat izan da, baita hiriko paisaia urbanoaren mugarri bat ere; izan ere, hiritik landako aldera joateko hortik pasa behar duzu, baita alderantziz ere”.
Mariaren Konpainiak 100 urte baino gehiago egin zituen San Bartolomeko muinoan emakumeentzako hezkuntza eskaintzen, eta Donostiako hainbat belaunalditako emakumeak pasatu ziren hortik. Berriki, ordea, 128 logelako hotel bat ireki du han Catalonia enpresak, kanpandorre zaharraren iparraldeko fatxada eta bi dorreak mantenduz. 2018an, ordea, iskanbila sortu zen, enpresa eraikitzaileak babestutako elizaren zati bat bota baitzuen –C mailako babesa dute komentuak eta elizak–, eta lanak eten egin ziren. Elizaz gain, Ancorak salatu du fatxadako eskultura babestu batzuk ere bota egin dituztela.
Narbartek azpimarratu du «oso larria» dela San Bartolomen egin dutena, “opakutasun handiarekin” egin dutelako, eta San Bartolomeko muinoko eraikinak “balio artistikoa eta arkeologikoa” duelako. Hain justu, Arkeolan Fundazioak indusketa arkeologikoak egin zituten 2014an, eta XVII. eta XVIII. mendeko komentuaren eta elizaren arrastoak aurkitu zituzten.
TURISTAK ETA MUSIKA DITUEN KOMENTUA
Erreparaziokoen komentua
Easo eta Manterola kaleen izkina
Erreparazioko Mariaren ordena erlijiosoko lehenengo mojak 1895ean iritsi ziren Donostiara, eta hasieran Easo kaleko etxebizitza batzuetan bizi baziren ere, 1905ean inauguratu zuten San Bartolome eta Manterola kaleen arteko komentua eta eliza. Klausurako mojak han izan ziren 100 urtez, eta asko izan dira euren instalazioetan katekesia egin duten donostiarrak. 2006an, ordea, komentua itxi egin zuten.
Ordena erlijiosoak auzi luzea izan zuen udalarekin, komentu zaharrari eman nahi zioten erabilera eta HEOBPB-a zirela medio –C mailako babesa dauka–, eta gaur egun, gazteentzako aterpetxe turistiko bat eta Convent Garden taberna eta musika areto ezaguna daude han. Narbarteren arabera, Mariaren Zerbitzarien komentuaren kasu antzekoa da hau, XX. mendekoa izanda, ez baitu balio handirik ikuspuntu artistikotik eta ondareari dagokionez, baina “gure eraikin monumentalei ematen diegun erabileraren erakusgarri da”.
LAU MENDEREN ONDOREN, HUTSIK
Santa Teresa komentua
Urgulleko magala
Donostian itxi duten azken zentro erlijiosoetako bat da Parte Zaharreko Santa Teresa komentua, maiatzean joan baitziren han geratzen ziren azken hamar mojak. Karmeldar oinutsek kudeatzen zuten komentua, eta lau mende daramatza Urgulleko magalean. Gaur egun salgai dago, eta Ancora elkartekoak kezkatuta agertu dira eraikinaren eta barruan dauden dokumentu historikoen eta artelanen etorkizunarekin.
Era berean, Narbartek eraikinaren balioa nabarmendu du: “Santa Teresak balio arkeologiko handia du, izan ere, bere garaian indusketak egin ziren eta material erromatarrak agertu ziren, besteak beste. Eraikina bera ere, Urgulleko magalean dauden beste batzuen moduan, Erdi Arokoa da, eta garrantzia arkitektonikoa du”. Hiriko beste zentro erlijioso askorekin egin dutena ikusita, Santa Teresan ere hotel bat egitea “arriskutsua” izan daitekeela adierazi du, Donostian Erdi Arotik gelditzen den eraikin bakarretakoa baita.
Bizilagunekin plataforma ere kezkatuta agertu da komentu zaharrean hotel bat egiteko aukerarekin: “Nahiz eta Parte Zaharrean ezin diren etxebizitza turistiko gehiago ireki, etxebizitza turistikoek auzoan duten antzeko eragina Santa Teresa komentuan hotel bat egiteak”.