"Gorputzak eutsi bitartean arraunean jarraituko dut"
Azkeneko hiru denboraldietan Donostiarran aritu bada ere, Trintxerpeko arraun taldean hasi zen arraunean Ioritz Orbegozo (Altza, 1985). 2014. urtean egin zuen salto TKEra eta San Pedron eta Kaikun aritu zen hiriko taldera iritsi aurretik. Arraunean aritzeaz gain, nerabea zela Irutxulo astekariaren banatzaile moduan ere ibili zen bere auzoan.

Zer izan zinen lehenago: arraunlari ala ‘Irutxulo’-ko banatzaile?
Arraunlari [barrez].
Noiz hasi zinen arraunean?
Txikia nintzela pilotan ibiltzen nintzen Altzan. Istripu larria izan nuen, auto batek harrapatu baininduen. Belauna, klabikula, besoa eta abar hautsi zizkidan, eta izugarrizko triskantza egin zidan. Beso bat ez zitzaidan oso ondo geratu, eta pilota utzi behar izan nuen. Hori dela eta, nire lagunak Trintxerpen arraunean aritzen zirenez, probatzera joan nintzen egun batean. Gaur arte.
Eta nola iritsi zinen ‘Irutxulo’-ko banatzaile izatera?
Ez naiz oso ondo gogoratzen, baina ikastola garaian izan zen, nerabezaroan-edo. Parrandarako dirua irabazteko modu bat zela esango nuke.
Zer gogoratzen duzu ‘Irutxulo’-n lanean aritu zineneko garaiaz?
Garai hartan egoitza Prim kalean zegoen, eta nik Altzan banatzen nuen. Auzoan barrena, ordu eta erdiz, atzera eta aurrera ibili behar nuela gogoratzen dut. Ordura arte ez nekien Altzan hainbesteko aldapa zegoenik.
Geroztik ‘Irutxuloko Hitza’ jarraitu duzu ala lotura galdu zenuen nolabait?
Irakurtzen jarraitu dut, baina Internet bitartez. Batik bat, euskarazko egunkariak irakurtzen ditut.
Arraunari dagokionez, hasi zinenetik noizbait utzi duzu?
Ikasten ari nintzen bitartean jarraitu nuen arraunarekin, baina lanean hasi nintzenean utzi nuen. Bi gauzak uztartzeko zailtasunak ikusten nituen, eta hiru urte egon nintzen arraun egin gabe. Orduan, Trintxerpeko entrenatzaile batek itzultzeko proposamena egin zidan hainbat aldiz, baina ni, behin eta berriro, luzamendutan ibili nintzen. Azkenean, egun batean, etxera etorri zen ni konbentzitzeko eta ez nuen beste erremediorik izan. 2000. urtea zen. Geroztik, ez dut berriro utzi.
Nola iritsi zinen Donostiarrako arraunlari izatera?
Trintxerpe talde txikia zen, familia artekoa, esan daiteke. Ni oso gustura nengoen han, eta zazpi bat urtez arituko nintzen eurekin arraunean. Kontua da klubak zailtasun ekonomikoak zituela. Ondorioz, urte batean erabaki zuten trainerua ez ateratzea. Une hartan pentsatu nuen nire arraun ibilbidea amaitu zela. Aldiz, nirekin Trintxerpen arraunean aritutako lagun batek Aitor Balda San Pedroko entrenatzaileari nire izena aipatu zion. Hala hasi nintzen TKEn —Traineru Kluben Elkartean—. San Pedron bi urtez aritu ondoren, Kortak deitu ninduen, eta Kaikun egin nuen urtebete. 2017an, han nengoela Igor Makazagaren deia jaso nuen Donostiarrara etortzeko. Proiektua azaldu zidan, eta aproposa iruditu zitzaidan. Eta egia esan, gustura nago taldean. Gainera, talde tekniko oso ona du eta oso zainduak gaude.
Momentuz arraunean jarraitu nahi duzu?
Printzipioz bai. Gorputzak eutsi bitartean, behintzat, arraunean jarraituko dut.
Taldeari dagokionez, zer iruditzen zaizu aurtengo denboraldia?
Hamar bat emango nioke. Konfinamendutik itzultzean nabaritu genuen trainerua oso-oso azkar zihoala, nahiz eta aldaketa ugari izan genituen taldean. Eta oso denboraldi ona egiten ari gara oro har, eta oso estropada onak egin ditugu. Zarautzekoa iritsi arte, behintzat.
Zer gertatu zen?
Larunbatean, ekaitza sartu zen. Gu azkeneko txandan geunden, eta bete-betean eragin zigun. Are gehiago, Ohorezko Txandako traineru guztiek pairatu genituen horren ondorioak, egun horretako sailkapenean, zazpigarren, hamargarren eta abar geratuz. Gero, joan den larunbatean, Santurtziko estropadan, lehen kalea egokitu zitzaigun, korrontea kontra genuen eta, marea biziak direla eta, ur gutxi zegoen. Borrokatuta ere, emaitza txarra izan zen. Horren guztiaren ondorioz, sailkapen nagusian, hirugarren eta laugarren postuak izatetik, seigarren postuan egotera igaro gara. Alde horretatik, pena ematen dit. Oso denboraldi ona egin dugu, Ohorezko Txandan izan gara, TKEko talderik erregularrena izan gara,baina ez dugu zorterik izan azkeneko asteetan.
Lau estropada falta dira. Postuak aurreratzea lortuko duzuela uste duzu?
Baietz uste dut. Bi asteburu hauetan ez dugu erakutsi orain arte emandako maila. Ez dugu gaizki egin arraun: zorte txarra izan dugu. Dena den, zaila dago bosgarrenak —Zierbenak— guk baino dezente puntu gehiago baititu. Baina nik uste dut emaitza hobeak lortuko ditugula.
Kontxarako ere ez da ezer falta. Zein helburu duzue aurten?
Kontxan, zentzu horretan, zerotik hasten gara eta uste dut oso maila ona emango dugula Kontxan. Dena den, batek daki. Azken batean, ez dakigu nola egongo den itsasoa edo haizeak zein joera izango duen. Horrek estropada zaildu dezake. Baina gu oso gogotsu gaude eta azkeneko asteburuetako arantza kendu nahi dugu. Geure buruarengan konfiantza dugu eta badakigu trainerua oso azkarra dela. Ondorioz, badakigu emaitza polita lortu dezakegula estropada horretan.
Aurtengo Kontxako banderan kaleko giroa oso bestelakoa izango da koronabirusa dela eta. Nola daramazu hori arraunlari moduan?
Dagoeneko apur bat ikusi genuen nolakoa izan zitekeen egoera. Izan ere, etxeko bandera irabazi genuen uztailean —Caixabank bandera, Donostiarrak antolatua—. Egia esan, oso egun polita izan zen, Union Artesana elkartearen 150. urteurrena ere ospatu baikenuen, eta gainera niri brankari onenaren saria eman zidaten. Baina egoera dela eta, zaleei estropada etxetik ala telebistan ikusteko eskaera luzatu zitzaien. Eta, normala den bezala, ez zegoen inor. Aldiz, koronabirusik izan ez balitz, ziur nago arrapala gainezka izango zela. Pena handia izan zen. Gainera, orduan ez zeuden egun dauden muga guztiak. Beraz, orain Kontxan, ziurrenik berdina pasako da. Bandera irabazten duenak ere, etxera joan beharko du.