Hamabi emakume historiko omenduko dituzte Egiako tuneleko erakusketa berrian
Irailaren 1ean inauguratuko dute Egiako tuneleko erakusketa berria, eta historiako hamabi emakume garrantzitsu omenduko ditu, feminismoari egindako ekarpenengatik. Erakusketa martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira jarri zuten, baina ez zuen egun bat ere iraun, udal garbiketa zerbitzuek kendu egin baitzituzten. Udalaren arabera, “akats administratibo bat” izan zen, eta oraingoan baimen guztiak ditu erakusketak. Irailaren 13ra arte egongo da ikusgai.
Kontadores zentroko stencil margoketa estiloko ikastaroko gazteek egin dituzte horma irudiak, historian zehar errekonozimendu apala izan duten zenbait emakumeren lorpenak ezagutzera emateko helburuarekin. Txantiloi eta aerosol pinturaren bitartez gauzatzen den estilo bat da stencil.
Erakusketan omendu dituzten emakumeetako batzuk dira Maurizia Aldeiturriaga pandereta jotzaile euskal herritarra, Rigoberta Menchu Bakearen Nobel saridun guatemalarra, Malala Yousafzai Bakearen Nobel saridun pakistandarra, Wangari Maathai Bakearen Nobel saridun kenyarra eta Cristina Koch astronauta estatubatuarra.