Iñaki Kijera omenduko dute Miramarreko monolitoan
Igandean, hilaren 30ean, Iñaki Kijera omenduko dute Miramarreko monolitoan. Lore eskaintza egingo dute 12:30ean. Irailaren 1ean 41 urte beteko dira Espainiako poliziak Antiguako gaztea hil zuenetik.
1979ko abuztuaren 31n, HB, EE, LKI, PTE eta EMK-OICko berrogeitik gora hautetsik Gipuzkoako Aldundian itxialdia egin zuten Ipar EUskal Herriko errefuxiatuen babes eskubidearen alde. Biharamunean, irailaren 1ean, Amnistiaren Aldeko Batzordeek hegoaldeko lau hiriburuetan manifestazioak deitu zituzten. Donostiakoa debekatu egin zuen Joaquin Argote Gipuzkoako gobernadore zibilak. Ordea, manifestazioa egin zuten eta Bulebarretik atera orduko Espainiako poliziak bortizki parte hartzaileen kontra egin zuen.
Kijerak Donostiako manifestazioan parte hartu zuen lagun batzuekin, eta poliziak martxa sakabanatu zuenean Parte Zaharrean babestu zen. Polizia kale tartean sartu zenean, neska batekin batera, Alderdi Ederreko lorategietara abiatu zen. Saiakera horretan polizia batek tiro egin zion fusil batekin, hamar metrotik. Lurrera jausi zen bularretik odola zeriola. Udaletxe atzealdean gelditu zen, lurrean. Hamabost minutu egin zituen espaloian etzanda.
Poliziak Kijerarengana hurbiltzea kolpeka eta pilotakadaka eragotzi zieten horretan saiatu zirenei. Gurutze Gorriko mediku eta erizain bi hurbildu zirenean poliziek borrekin kolpatu zituzten, Gurutze Gorriko kideak zirela identifikatu ondoren ere. Borrokaldi baten ostean artatu ahal izan zuten. Azkenean, lagunek pilotakada artean Kijera auto partikular batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten. Ospitalera iritsi ondoren hil zen.