"Berriz ere euskaldunentzat egindako fikzioari bultzada bat ematen eta erreferenteak sortzen ari gara"
Espainiako Estatuan hainbat telesailetan buru belarri lanean ibili ostean, Euskal Herrira itzuli da Jon Plazaola (Urretxu, 1982) eta hainbat proiektu ditu eskuartean "normaltasun" berri horretan, hala nola ETB1eko Barre Librea programa eta Irabazi antzerkia.
Asteazkenean estreinatu zenuten Irabazi antzerkia. Umoreaz gain, uste duzu jendea ulertzen ari dela atzean duen kritika?
Oso pozik nago antzerkiarekin, egun hauetan ikusi baitut jendeari gustatzen ari zaiola. Gehien gustatzen ari zaidana, baina, jende gehienak antzerkiak atzean duena ulertu duela da, baita lehiakortasunaren inguruan pentsatu duela ere. Stand-up Comedy deituriko kontzeptutik aldentzen den nire lehenengo lana da, eta nire asmoa pisu gehiagoko zerbait eskaintzea zen, eta jaso ditudan iritzi positiboak ikusita uste dut lortu dudala hori irudikatzea. Zentzu horretan, oso pozik nago jendearen erantzunekin.
Benetan uste duzu hain gizarte lehiakor batean bizi garela?
Hala pentsatzen dut, eta uste dut antzerkian motz geratu naizela, errealitateak beti gainditzen baitu fikzioa. Nik kontatu dezakedan baina askoz errealitate lehiakorragoan eta krudelagoan bizi gara, eta bizitzaren alor guztietan ikusi daiteke hori. Batzuetan badirudi ez dela hainbeste nabaritzen hori, baina hor dago beti. Gure artean elkar babestu beharko ginateke, baina sistema kapitalista horrelakoa da eta ia denok sentitzen dugu bestea baina gehiago izateko grina, gehiago kontsumitzeko gogoa. Aipatutako lehiakortasuna geroz eta handiagoa dela uste dut gainera.
Konfinamenduan bazegoen esperantza urri bat, jendea elkartu egingo zela zirudien, eta elkartasun sendo horretatik beste bizitzeko eredu baten atarira iritsiko ginela zirudien, baina ez da hori gertatu. Gainera, “normaltasun” berri honetan normaltasun zaharraren baloreak biderkatu egin direla dirudi. Normaltasun zaharrean genuen sistema atzean geratuko zela zirudien, baina indartuta itzuli da. Susmoa dut ezarri dituzten ezohiko neurri batzuk geratzeko etorri direla. Ni oso baikorra izan naiz betidanik, baina ez dakit nora eramango gaituen guzti honek.
Barreari eta umoreari oso lotuta dagoen pertsona bat zarela iradokitzen du zure ibilbideak. Ezinbestekoa da umorea zure bizitzan?
Umorea bizitzeko modu bat da niretzat, baita bizitzaren aurrean hartzen duzun jarrera bat ere. Nik beti diot umorea dela galtzen den azken gauza eta ez esperantza. Familian beti egon naiz umore handiko pertsonaz inguratuta; nire aitona zena, Juan, umore handiko pertsona bat zen, baina ez bakarrik txisteak kontatzen zituelako, bizitzaren aurrean jarrera berezia zuelako. Nire aitonaren ildo beretik jarraitzen saiatu naiz, eta nire bizitzan ezinbestekoa da umoreari eustea, baita tresna gisa erabiltzea ere, aldarrikatzeko eta kritikatzeko erabilgarria baita. Gaur egun jende asko erne dago umorearekin zer eta nola esaten den jakiteko, ondoren umorea bera erasotzeko eta mugak ezartzeko, eta ez dut guztiz ulertzen. Egoera honetan are erromantikoagoa iruditzen zait umoreari eustea.
Wazemank eta Noaoa bezalako programen ostean hutsunea sentitu zuten pertsona askok gustua hartu dio Barre Libreari.
Oso gustura gaude, bai. Wazemankek aldaketa sakon bat egin zuen euskaraz umorea egiteko moduan; hizkuntza aldetik apustu berezi eta arriskutsua egin zuten bere garaian. Ordura arte ohituta geunden umore saiakera gehienak euskara batuan izatea, baina jendeak ez zuen gertukoa sentitzen. Wazemankek ezustean lokalismoetara eta kaleko hizkuntzara jo zuen, eta umoreak izugarrizko gorakada izan zuen une horretan. Barre Librean apustu horri eutsi nahi izan diogu, eta euskara bere aniztasun osoan erabili nahi dugu programan.
Ideologia aldetik, bestalde, umore kritikoa egin nahi genuela garbi genuen, eta bakarrizketak urratzaileak izatea zen helburuetako bat. Taldearekin oso pozik nago, Aitziber Garmendiarekin lan esparruan eta pertsonalki oso erlazio estua daukat adibidez, eta proiektu ezberdinetan elkarrekin gabiltza, izan telebistan edo antzerkian. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta garbi daukagu zein norabide hartu behar duen Barre Libreak, eta badakigu guk biok izan behar dugula jarrera kritikoena dugunak aukeratutako gaiekin, eta uste dut lortzen ari garela. Kepa Errasti eta Getari Etxegarairen laguntza dugu gainera, eta lauburu oso polita osatzen dugu. Bestalde, zuzendariek askatasuna eman digute nahi ditugun gaiak jorratzeko eta ikuspuntu kritiko hori garatzeko, eta horrek asko errazten du lana. Konfiantza ematen dituzunean gauzak hobeto joan ohi dira; lehenengo denboraldiarekin oso harro gaude eta bigarrenarekin hastear gaude, gogotsu.
Espainiako Estatuan arrakasta izan duten telesail batzuetan lanean ibili ostean Euskal Herrian zaude buru belarri. Lagundu dizu etxetik atera izanak?
Etxetik ateratzea eta gure mugen ostean zer dagoen ikustea onuragarria da beti. Sevillan eta Madrilen telesail eta antzerki ezberdinetan ibili naiz lanean, eta alarma egoera dekretatu zuten momentuan Madrilen nengoen. Konfinamenduak etxera itzultzeko atea ireki dit, euskaraz lan egiteko aukera. Barre Librea proiektuari ekin genionean nire ibilbidearen hasiera etorri zitzaidan burura, bakarrizketekin hasi bainintzen, eta euskaraz, etxean eta telebistan izango zen proiektu bati hutsetik ekitea aukera polita iruditu zitzaidan. Euskaraz fikzioa sortzeko aukera hori gutxitan eduki dudala uste dut, nahiz eta Wazemanken, Finlandian edo Kontrako Eztarrian ibili naizen, baina guztiz gure esku dagoen proiektu batean egoteko aukerarik ez dut izan orain arte.
Erreferenteak sortu beharra dugu; azken garai hauetan parte hartu dudan proiektuetan nabaritu dut gazte jende asko zegoela publikoaren artean, eta itxaropentsua da hori. Berriz ere euskaldunentzat egindako fikzioari bultzada bat ematen eta erreferenteak sortzen ari gara, eta nire ama hizkuntzan fikzioa egin ahal izateak asko motibatzen nau.