Mariaren Bihotzaren azken kanpai hotsak
Ia ehun urtez irekita egon ostean, hilaren 31ean itxiko dute Saguesko Mariaren Bihotza parrokia, eta klaretarrek eraikina saldu egingo dute. Auzokoak atsekabetuta daude itxierarekin, parrokia bat baino gehiago izan baita Mariaren Bihotza bizilagun askorentzat: Hazi, hezi eta denbora pasatzeko leku bat izan da. Gainera, hiriko beste hainbat zentro erlijiosorekin egin duten moduan, Mariaren Bihotzan hotel bat jarriko dutela salatu du EH Bilduk, eta horrekin kezkatuta agertu dira bizilagunak.
Joan den urtean Saguesko Claret ikastola itxi ondoren, ezbaian zegoen eraikin bereko Mariaren Bihotza parrokiaren etorkizuna, eta susmoa egia bihurtu da: parrokia abuztuaren 31ean itxiko dute. oan den igandean egin zuten agur esateko meza, nahiz eta iraileko lehenengo egunetan meza eta jaunartze gutxi batzuk egingo dituzten, lehendik hitzartuta zeudelako. Klaretarrek Donostian duten 100 urteko historia ixteko balio izan zuen igandeko meza horrek, eta «berezia» izan zela nabarmendu du Iosu Aldai parrokiako klaretarren komunitateko nagusiak.
Izan ere, 1920an lehenengo bost klaretarrak Donostiara heldu zirenetik, komunitateak eragin nabarmena izan du hirian, eta, bereziki, Grosen. Hasieran Parte Zaharrean ezarri baziren ere, 1924an lekualdatu ziren Grosera, eta han izan da komunitatea gaur egun arte. Hezkuntza kristaua euskaraz eskaintzea izan da beti klaretarren xedea, eta hala egin dute 90 urtez. Hain zuzen, behin-behinean beste eraikin batzuetan klaseak ematen aritu ondoren, komunitatearen etxea eta eskola izango zena eraiki zuten 1927an, gaur egun parrokia dagoen lursail berean. Bi urte geroago eraiki zuten Mariaren Bihotza santutegia, 1961ean parrokia izendatua.
Eraiki zutenetik, Groseko eta, batez ere, Saguesko bizilagunen zerbitzura egon da Mariaren Bihotza. Garaian garaiko egoerara egokitu direla azpimarratu du Aldaik, baina azaldu duenez, azken urteotako fededun kopuruaren beherakada dela eta, Groseko erlijio zerbitzuak San Ignazio parrokian bateratzeko beharra ikusi du Gotzaindegiak: “Groseko parrokia guztiek ezin genituen gure zerbitzuak mantendu, eta hamalau urteko prozesua izan da parrokia hau uztea”. Hain justu, Ategorrietako Pio X.aren parrokia ere aurten itxi zuten, konfinamenduaren aurretik. Gaur egun, sei dira parrokia daramaten klaretarrak, eta Gotzaindegiak eskatuta, Errenteriara joango dira, hango erlijio zerbitzu batzuk euren gain hartzeko. “Errenteriakoa erronka da, berria delako guretzat eta ez dakigulako non biziko garen. Izan ere, guk komunitatean bizi behar dugu”, azaldu du Aldaik.
Ikastola, komunitatearen erdigunea
Iaz itxi zuten arte, Claret Ikastola –2016ra arte Mariaren Bihotza izenarekin ezaguna– izan zen klaretarren proiekturik esanguratsuena, auzoko belaunaldi ugari pasa baitira hortik, eta askok ikastolari esker mantendu dute lotura parrokiarekin.
Jesus Jalon auzotarra, esaterako, 6 urterekin hasi zen Mariaren Bihotza Ikastolan, eta beti parrokiaren inguruan mugitu dela azaldu du: “Ikasketak bukatu nituenean, ikastolako talde batekin elkarlanean aritu nintzen, hainbat jarduera antolatzen. Bestalde, parrokian bertan ezkondu nintzen”. Koro Genua ere ikastolako ikasle ohia da, eta nabarmendu du han ikasteak, nahita edo nahigabe, parrokiarekin harremana sortzen zuela: “Bizitza guztia parrokian egin dut, txikitatik. Izan ere, ikastolan zeundenean katekesia hasten zenuen, eta patioaren orduan abesbatzarekin joaten zinen; horrek zuzenean lotzen zintuen parrokiarekin”. “Ikastolak baino gehiago eman dit parrokiak, balio jakin batzuk barneratu nituelako horri esker”, gaineratu du Genuak. Ildo beretik jo du Ricardo Gonzalezek, ikastolako guraso ohiak: “Gu Galiziatik eta Leondik etorri ginen, eta Altzan bizi bagara ere, gure alabek euskara ikasi zezaten, Mariaren Bihotza hautatu genuen, parrokiako giroarengatik eta defendatzen zituen balioengatik”.
Bestalde, ikastolako ikasle izanda, gaztetan parrokian denbora asko pasatzen zutela nabarmendu du Jalonek: “Nire garaian, kurtsoa urriaren 2tik ekainaren 21era zen, eta larunbatetan ere klasera joan behar genuenez, ia egunero joaten ginen ikastolara. Katekesia ere han egiten genuen, igandetan parrokiako mezara joaten ginen eta Caritasen ere aritzen ginen, besteak beste. Beraz, auzokook lotura handia genuen ikastolarekin eta parrokiarekin; auzotarrentzako bilgune bat zen”.
Ildo beretik, lehengo parrokiak “gaur egungo gaztelekuak” zirela adierazi du Genuak, eta Mariaren Bihotzak beti gazteengan pentsatzen zuela nabarmendu du: “Beti gazteentzako gauzak antolatzen zituzten, Saguesko jaietan parte hartzen genuen, eta egun osoa parrokian pasatzen genuen. Era berean, ohiko mezaz gain, haurrentzako eta gazteentzako meza egiten zuten, modu dinamikoagoan; ni, esaterako, parranda zalea izan naiz, baina gazteentzako meza 13:30ean zenez, beti joaten nintzen, ordu ona zelako”.
Mugimendu asko izan duen parrokia
“Oso parrokia alai eta bizia izan da beti Mariaren Bihotza”, nabarmendu du Jalonek. Izan ere, ikastolaz gain, Aldaik azaldu du hainbat talde eta mugimendu sortu direla Mariaren Bihotzaren inguruan: “Parrokiak asko sustatu izan ditu beti kirol jarduerak Aita Claret plazan eta ikastolan, mendi irteerak antolatu izan ditu, izen handiko Mariaren Bihotza Abesbatza hemen sortu zen, baita Bioztun dantza taldea, zaharren egoitza, Ama-Lur eskaut taldea, danborrada, Proclade GKE-a eta Urrats aisialdi taldea ere, besteak beste”.
Azken talde horrek, hain justu, 30 urte baino gehiago daramatza auzoko haurrekin jarduerak antolatzen, eta ikastolarekin lotura estua dutela kontatu dute: “Ikastola bukatzen zenuenean, begirale kurtsoa egiten zenuen, eta Urratsen sartzen zinen. Era berean, parrokiak materiala gordetzeko lokal bat utzi digu orain arte ikastolan bertan”. Ikastola itxi zutenetik, haur gutxiago dituztela azaldu dute, eta parrokiaren itxierarekin lokalik gabe geldituko badira ere, lan egiten jarraitzeko «gogoz» daudela azpimarratu dute: “Klaretarrak Errenteriara goaz, eta gu, printzipioz, beraiekin joango gara. Lanean jarraituko dugu, Errenterian zein Grosen”. Bestalde, parrokiak beti laguntza handia eskaini diela azpimarratu dute: “Haurrak lortzen laguntzen ziguten, materiala gordetzeko lekua uzten ziguten, eta abar”.
Halaber, Genuak oso oroitzapen politak gordetzen ditu lehen egiten zituzten mendi irteerez eta udalekuez: “Mariaren Bihotzaren jarduera horiei esker oso bizipen aberasgarriak izan ditugu auzoko bizilagun askok, eta hainbat balore gure egin ditugu”.
Hotel bat parrokiaren ordez
Ikastola itxi zenetik, eraikin horretan hotel bat egingo duten susmoa zabaldu da auzoan, eta susmo horrek are indar gehiago hartu du parrokiaren itxiera iragarri zutenetik. Hain justu, EH Bilduk salatu du parrokia eta ikastola hartuko dituen hotel bat egiteko izapideak “oso aurreratuta” daudela, eta “gardentasun falta” salatu du. Orain arte, ordea, ez klaretarrek eta ez udalak ez dute baieztatu Mariaren Bihotzan hotel bat egingo denik.
Aldaik azaldu du beraiek ez dakitela zer egingo duten parrokiarekin, baina hotel bat egiteko aukeraren aurrean nahiagoko luketela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako zahar etxe bat egitea, esaterako. Era berean, nabarmendu du parrokia klaretarren Euskal Herriko zuzendaritzak salduko duela, eta argudiatu du eraikinarekin zerbait egin behar dela: “Ezin duzu hau hutsik izan, baina aldi berean, pena da leku hauek soilik negozioa begiratzen duten proiektuetan bihurtzea”.
Jalon, Genua, Gonzalez eta Urrats taldea atsekabetuta agertu dira parrokiaren itxierarekin, eta auzoan «hutsune handia» utziko duela deritzote. Era berean, hotel bat egiteko ideiarekin kezkatuta agertu dira denak. Genuak, esaterako, beste aukera bat planteatu zien arduradunei: “Urtean zehar ikastetxe nagusi bat jar zitekeela esan nien, eta udan erromesentzako aterpetxe bat. Nire ustez, eraikinaren esentzia mantendu behar da, nahiz eta diru gutxiago jaso. Behintzat, fatxada babestuta dago eta mantendu behar dute”.
Bizilagunekin plataformako Eihar Egaña eta Mikel Agirre kideek azpimarratu dute ez dela zentro erlijioso batean gune turistiko bat egiten duten lehenengo aldia Donostian. Fenomeno hori “turistifikazio prozesuaren barruan” gertatzen ari dela nabarmendu du Egañak: “Parte Zaharrean hasi zen, eta Grosera, Amarara eta Antiguara zabaltzen ari da”. Agirrek gaineratu du ordena erlijiosoak eta Gotzaindegia “beste eragile ekonomiko baten moduan” jokatzen ari direla, eta udalak “jarrera bideratzailea” duela.
Bestalde, Mariaren Bihotzaren kasua esanguratsua dela azaldu du Agirrek: “Grosen gertatzen ari den harrapakaritza erakusten du kasu honek: auzoak balio monetarioa sortzeko ahalmena dauka, eta hainbat eragile enpresarial dabiltza horri etekina atera nahian. Bestalde, Groseko desitxuraketa prozesuko pauso bat gehiago da”. Izan ere, Agirrek azpimarratu du Gros “espekulaziorako” gune aproposa bihurtzen ari dela: “Hamabost urtean, 19.000 biztanle izatetik 17.000 biztanle izatera pasa da, eta Donostiako saltokien itxiera maila altuena duen auzoa da; hau da, bizitegi eremu bat zena espekulaziorako eremu bat da orain”. Era berean, Egañak nabarmendu du orain arte herritarrena zen gune bat galduko duela auzoak: “Bizitza duen toki bat negozio gune batean bihurtuko da, eta jende mota jakin bat baino ez da joango”.