Publikorik gabe egingo da aurtengo Kontxako Bandera berezia
Arduraz jokatzeko eta estropadak etxetik ikusteko deia egin dute Donostiako Udaleko ordezkariek, Edurne Egaña Euskal Kirol Portuakeko zuzendariak eta Jose Miguel Aierza ADEGIko idazkari nagusiak. Erakunde publikoek, estropaden antolatzaileek eta klubek segurtasun neurri zorrotzak hartuko dituzte arraunlarien eta gainontzeko pertsonen segurtasuna bermatzeko eta kutsaketak ekiditeko. Hau dela eta, segurtasun neurriak betetzen direla bermatzeko oso zorrotzak izango direla adierazi du Martin Ibabek, Kiroletako, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziaren ordezkariak. Estropaden eremuaren inguruan polizia ugari egongo dela baieztatu du zinegotziaren ordezkariak, taberna eta jatetxeek legedi berria betetzen dutela bermatzeko eta kale zurruta ekiditeko.
Arraunlarien pilaketak ekiditeko, sailkapen estropadak bi egunetan egingo dira. Asteazkenean emakumezkoen txanda izango da, eta ostegunean gizonezkoak arituko dira, 40 ontzi guztira, eta bi kategorietan bi txanda egongo dira. Paseo Berria, Urgull mendia eta Santa Klara uhartea itxita egongo dira estropadek irauten duten bitartean. Kaian, berriz, sarrera mugatuta egongo da, eta bertan bizi diren pertsonek, langileek edo bertako komertzioetara doazen pertsonek bakarrik izango dute sartzeko aukera. Nautiko aldetik sartu ahal izango dute bakarrik gainera, Portaletas itxita egongo baita.
Murrizketa ugari
Estopadak publikorik gabe izango direnez, eta estropada eremuaren inguruan egoteko murrizketa ugari jarriko dituztenez, garraio publikoak berdin jarraituko du eta ez dira indartuko. Itsasoan ere murrizketak egongo dira, estropadekin zer ikusirik ez duten ontziak ezingo baitira Kontxako Badian sartu, ezta urtero egin ohi den bezala azken luzean ontziak jarraitu ere. Badiaren barruan ainguratzerik ez duten ontziei ez zaie utziko bertan egoten, jende eta ontzi pilaketak ekiditeko.
Azken igandeko estropadetan beste berrikuntza bat gehitu dute antolatzaileek segurtasun neurri gisa; banderak badian emango zaizkie garaileei estropadak amaitu bezain laster, eta ez kaian, urtero egiten den bezala. Jose Miguel Aierzak eta Miren Nekane Arzallusek, bitarteko alkateak, Kontxako Banderan parte hartuko duten traineruen hiri eta herrietako alkateei eskatu die herritarrei estropadak etxetik ikusteko deia zabaltzea, baita aurten zentzudunak izateko urtea dela zabaltzea ere. Egoeraren larritasunaz jendea ohartarazteko eta estropadak etxetik ikustearen mezua zabaltzeko #KontxaEtxetik traola zabaldu dute antolatzaileek.
Antolaketa eta sariak
Emakumeen sailkatze estropada irailaren 2an izango da, 17:30ean, eta gizonezkoena irailaren 3an, ordu berean. Bestalde, irailaren 6an eta 13an 10:00etan hasiko dira jardunaldiak, emakumeen estropadarekin, eta gizonezkoena 11:00etan abiatuko da. Aurten Euskal Kirol Portuak bihurtu da Kontxako Banderaren babesle nagusia, eta kategoria bakoitzean guztira 85.425 euroko bideratuko dira sarietan. Garaileek bandera eta 25.000 euro irabaziko dituzte, eta ADEGIk Gipuzkoako kategoria bakoitzeko traineru onenari 5.000 euroko saria banatuko du.