David Silva jokalaria aurkeztu du Realak
Gaur eguerdian aurkeztu du Realak denboraldi berrirako orain arte egin duen fitxaketa bakarra. David Silvak, 21 zenbakia soinean, talde txuri-urdinarekin bi urteko kontratua sinatzearen arrazoiak azaldu ditu: “Gustuko dut Realaren futbola, eta Euskal Herrian bizitakoa naiz”.
Manchester Cityrekin hamar denboraldi egin ostean, Ingalaterra uztea erabaki zuen erdilariak. 2004-05 sasoian Eibarren aritu zen utzita, eta, beraz, bigarren esperientzia izango du Gipuzkoan. Celta eta Valentzia taldeetan ere aritu zen.
“Realera etortzeko aukera sortu zitzaidanetik ilusioa handia nuen, eta baita nire familiak ere. Izan dudan harrera oso ona izan da eta eskertzekoa da jasotzen ari naizen berotasuna”, azaldu du Silvak. Ondo bidean, bihar bertan hasiko da entrenamenduekin Zubietan. Horretarako, ordea, PCR probak gainditu beharko ditu.