Easo kaleko zati bat itxiko dute bihar goizean, San Bartolomeko horma egonkortzeko
Bihar, irailaren 1ean, 7:30etatik 14:30etara Easo kaleko zati bat itxi egingo dute oinezko, txirrindulari eta ibilgailuentzat, San Bartolomeko horma egonkortzeko lanak direla eta. Zehazki, kaleko 41 eta 45 zenbaki bitarteko zatia izango da moztuko dutena.
Ondorioz, ibilgailuak desbideratuko dituzte. Easo kaletik datozen ibilgailuak Lizarra kaletik igaro beharko dira eta Aldapetatik berriz ere Easo kalera jaitsi. Oinezkoek, aldiz, Urbieta kaletik joan beharko dute. Dena den, 41 eta 43 zenbakietan bizi direnek sartzeko baimena izango dute.
Kalea printzipioz 14:30etara arte itxita egongo bada ere, lanak lehenago bukatuz gero, amaitu bezain laster zabalduko dute kalea.