Inoizko abuztuaren 31rik xumeena
Koronabirusa dela eta, aurten ezin izan dituzte abuztuaren 31ren harira egin ohi dituzten jarduerak antolatu, baina egitarau xume bat gauzatu dute. Izan ere, egun berezia da abuztuaren 31 donostiarrentzat eta Parte Zaharreko bizilagunentzat, 1813an tropa anglo-portugaldarrek eragindako sutea eta sarraskia oroitzen direlako.
Donostia Sutan elkarteak, ohiko antzezlan eta hitzaldien ordez, kartel informatiboak jarri ditu Parte Zaharreko kaleetan. Kartel horietan, 1813ko sutetik bizirik atera ziren herritar batzuek epailearen aurrean egindako adierazpenak irakur daitezke; herritarrek soldaduek egindako sarraskia salatu zuten: bortxaketak, erasoak, eta abar. Era berean, Kai Arripe elkarteak panfleto batzuk jarri ditu eskuragarri San Bizente elizaren kanpoan, 1813an gertatutakoaren inguruko panel informatiboen ondoan, non abuztuaren 31ko sarraskiari buruzko hainbat eduki irakur daitezkeen, baita Abuztuak 31 kaleko bi bizilaguni egindako elkarrizketa ere.
Donostiako Festak-i dagokionez, abuztuaren 31ko gertakarien inguruko erakusketa bat dago ikusgai Bretxako lokal batean, baserritarren postuen ondoan. Erakusketa horretan, garaiko soldaduen jantziak eta XIX. mendeko Donostiaren planoak eta margolanak ikus daitezke. Bestalde, goizean, 11:30eko mezaren ondoren, Donostiako Udaleko Txistulari Taldea eta soldaduz jantzitako talde bat Santa Maria elizatik atera dira, eta ohiko lore eskaintza egin dute, 1813ko abuztuaren 31n Donostian gertatutakoa oroitzeko. Ondoren, udaletxera abiatu dira Kañoietan elkartearen ohiko omenaldira; aurten, Chernobil elkartea omendu dute. 20:30ean kontzertua izango da San Bizente elizan eta 21:30ean kanpai hotsak entzungo dira hiriaren erdialde guztian.
Jarraian, IRUTXULOKO HITZAk goizean zehar osatutako irudi bilduma: