Realak etxetik kanpo hasiko du liga
Irailaren 13an hasiko da lehen mailako gizonezkoen futbol liga, eta Realak Valladoliden zelaian jokatuko du lehen jardunaldian. Anoetako aurreneko partidan, berriz, Real Madrilen aurka ariko dira. Liga 2021eko maiatzaren 23an bukatuko da.
Bestalde, Athleticen kontrako euskal derbiaren neurketak 16. jardunaldian –abenduaren 30eko asteburuan, San Mamesen– eta 29. jardunaldian –2021eko apirilaren 4an, Anoetan– izango dira. Hain zuzen ere, kopako finala bigarren derbiaren egun bererako aurreikusita dago, eta, beraz, bietako bat aldatu egin beharko dute.
Silvak positibo eman du
Gaur bertan aurkeztu du Realak David Silva jokalaria, eta duela gutxi jakinarazi du PCR proban positibo eman duela koronabirusean. Horiek horrela, erdilariak ez du bat egingo Zubietako entrenamenduekin. Aritz Elustondok eta Mikel Oiartzabalek positibo eman zuten. Elustondo dagoeneko entrenamenduetara itzuli da, eta Oiartzabalek baliteke liga hasiera galtzea.