Artikutza ezagutzeko iraileko ibilaldi gidatuak iragarri dituzte
Artikutza ezagutzeko ibilaldi gidatuak aurrera doaz eta iraileko txangoak iragarri ditu Donostiako udalak. Hiru egingo dira.
Lehenengo ibilaldia irailaren 13an, igandean, egingo da. 10 kilometroko ibilbide zirkularra izango da, zailtasun ertainekoa, eta Mintegixarreko haginak eta trenbide zaharra ezagutzeko aukera emango du. Ibilaldia 9:15 irtengo da Eskaseko aparkalekutik eta gutxi gora behera 13:30etan leku berean amaituko da.
Bigarren ibilaldiak Bianditzeko tontorretik ilunabarraz eta izarrez gozatzeko aukera eskainiko du. Izan ere, irailaren 19an, larunbatean, 19:00etan hasiko da eta 23:00etan amaitu gutxi gora behera. Sei kilometroko ibilbidea da, zailtasun ertainekoa hau ere, eta linterna eraman beharko da irteerara.
Hirugarren ibilaldiari dagokionez, irailaren 27an, igandean, izango da, lau kilometrokoa eta erraza, eta Egazkiko harizti zaharra eta desagertutako Enobietako urtegiaren ingurua ikusi eta behatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Ibilaldi hau ere Eskaseko aparkalekutik irtengo da 9:15etan.
Hiru ibilaldiak elebitan izango dira eta izena emateko lotura honetan sar daiteke. 6 eta 16 urte bitartekoen kasusan 2,09 euroko kostua izango du ibilaldiak eta 16 urtetik gorakoentzat 3,14 eurokoa.
Neurrira antolatutako ibilaldiak
Programatutako bisitez gain, eskaera pean, zortzi eta 30 lagun bitarteko bisitak ere antolatzen dituzte Artikutzako historia, ezaugarriak eta natura ezagutzeko. Euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke ibilaldiak. Informazioa lotura berean ikusi daiteke.