Bageraren hitano ikastaroko izen-ematea zabalik da
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak hitano ikastaroa egingo du urriaren 13tik azaroaren 17ra, eta izen-ematea ireki dute dagoeneko. Sei saiotan banatutako bederatzi orduko ikastaro praktikoa izango da, euskaraz zuka dakiten zein hika pixka bat dakiten pertsonentzat. Ordu eta erdiko saioak izango dira, ostegunetan –urriak 13, 20 eta 27 eta azaroak 3, 10 eta 17–, 18:30etik 20:00etara. Jakina, koronabirusaren aurkako segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte.
Xabier Eizagirre Landa IRALEko euskara irakaslea izango da ikastaroko irakaslea, eta saioek eguneroko harremanetan erabiltzen diren aditz formak erabiltzeko binakako hika elkarrizketa txikiak izango dituzte ardatz. Hitano batuko aditz formak erabiliko dituzte batez ere, baina baita Beterriko adizkerak ere. Era berean, hika bere osotasunean landuko dute, hau da, noka (neskari) eta toka (mutilari) irakatsiko dituzte. Ikastaroak 25 euroko prezioa du (Bagerakideentzat 20 eurokoa), eta Bagera elkartearen webgunearen bitartez zein 943-00 50 74 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena.