Aquariumek eta Igeldoko parkeak ez dituzte arraun zaleak jasoko, baina bisitarientzat irekita egongo dira
Kontxako Banderak jendetza biltzen du urtero Donostian, eta arraun zale asko Aquariumaren ingurura eta Igeldoko parkera hurbiltzen dira, zuzenean estropadak ikusteko. Koronabirusa dela eta, ordea, ikuslerik gabeko estropadak izango dira urte honetan, eta Aquariumek eta Igeldoko parkeak Aurten Kontxa etxetik egitasmoarekin bat egin dute, beraz, ez dute zalerik jasoko. Aldiz, bataz zein besteaz gozatu nahi duten bisitarientzat irekita egongo dira Kontxako Banderaren bi jardunaldietan, hilaren 6an eta 13an.
Hain zuzen, Aquariumen ohiko ordutegiari eutsiko dio –11:00etatik 20:00etara–, baina Urgulleko eta Pasealeku Berriko sarbideak itxi egingo dituzte. Beraz, kaitik sartu beharko dira bisitariak, kontrolean izango diren langileei Aquariumera doazela adierazita; langileek bisitariak museoko ateraino lagunduko dituzte.
Igeldoko parkeari dagokionez, jende pilaketak saihesteko bidean, 11:30era atzeratuko dute funikularra, begiratokia eta jolas parkea irekitzeko ordua. Aurten, emakumezkoen estropadak 10:00etan izango dira eta gizonezkoenak 11:00etan, beraz, estropadak bukatzean irekiko dute Igeldoko parkea.