Arraun Lagunakek zazpi onenen artean sailkatu nahi du
Kontxako Banderaren sailkatze estropada jokatuko da gaur arratsaldean (17:30). Emakumezkoen hamahiru traineru ariko dira nor baino nor, eta zazpi onenak sailkatuko dira datozen bi igandeetarako. Donostiarra izango da zortzigarren trainerua Kontxako Banderaren lehian. Larrun Kosta Arraunketa Klubak eta Deustuk ez du parte hartuko, korononabirusean positibo eman dutelako bi klubetako hainbat arraunlarik.
Hiriak, ordea, badu beste ordezkari bat emakumezkotan. Arraun Lagunakek aurten ere sailkatze estropadan lortu beharko du onenekin aritzeko saria. Bigarren konfinamendua pasa berri dute, eta horrek nabarmen kaltetu du donostiarren prestaketa. Xubane Uribarrena arraunlariak Berria egunkariari adierazi dionez, gabezia handia izan da eurentzat aukerarik ez izatea hogei entrenamendu egiteko: “Txispa eta bizitasun hori falta zaizkigu; beste taldeen aldean gabezia hori izango dugu”. Horrela ere, dena emateko gogotsu daudela gaineratu du. “Gogo, gose eta kasta handiarekin aterako gara. Talde honek zerbait badu, hori dena du, eta badakigu gurea egiten badugu sailkatu egingo garela, gainontzeko taldeekiko errespetu osoz esanda”.
Esan bezala, hamahiru traineru ariko dira lehian gaur, Kontxako badian:
A taldea
- Donostia Arraun Lagunak
- Hibaika
- Hondarribia Arraun Elkartea
- Orio
- San Juan
- Tolosaldea
- Zumaia
B taldea
- Cabo
- Chapela Arraun Kluba
- Isuntza
- Lutxana
- Ondarroa
- SD Tiran Pereira
Sailkatzeko hautagaiei dagokienez, lehia estua espero da. Euskotren ligako Orio txapeldunak, Arraun Lagunakek eta Hondarribiak eskuratu dute sailkapena. Gainerakoan, ikusteko dago ETE ligako traineruen maila, eta galiziarrena. Horrela, Tolosaldea, Hibaika, Zumaia eta Cabo onenekin aritzeko aukera dezente dituzte.