Bera Berak Kopako final laurdenetako partida jokatuko du bihar Elxen aurka
Ondo bidean, Malagara iristear egongo da Bera Bera. Izan ere, bihar, irailaren 3an, eguerdiko 12:15ean Erreginaren kopako lehen partida jokatuko du Alhaurin de la Torreko El Limon pabiloian, eta Elx izango du aurkari. “Jokalari erreferenteak galdu ditu, baina proiekzioa duen jende gaztea ere fitxatu du”, zioen Imanol Alvarez entrenatzaileak haiei buruz. Edozein kasutan, nabarmendu zuen “gogotsu” ekingo diotela Kopari, “beti gustuko dugun lehiaketa baita”. Hain zuzen ere, egun Kopako irabazlea da Bidebietako taldea eta zazpigarren kopa irabaztea da haien aurtengo helburua. “Taldea ondo dago, tarteka joko une onak izan ditugu, baina ni zorrotza naiz, eta une on horiek denboran luzatzea gustatuko litzaidake”, azpimarratu du entrenatzaileak.
Kopa jokatzeko, ezinbestekoa izan da PCR probetan bai jokalariek bai talde tekniko guztiak negatibo ematea. Izan ere, positibo bakar batek Kopatik kanpo utz zezakeen egungo txapelduna. Zorionez, ez da azken uneko sustorik izan eta atzo gauean, entrenatu ondoren, Malagara abiatu zen taldea.
Txapelketa, zaleekin
Duela egun batzuk, antolatzaileek iragarri zuten Kopan ikusleak izango zirela partidak aurrez aurre ikusten. Ondorioz, 200 bat zalek aukera izango dute Kopa pabiloietik bertatik jarraitzeko. Final aurrekoak eta finala telebistan ikusi ahal izango dira, baita Bera Beraren final laurdeneko partida ere.